'Bagara' erakusketa ireki dute Oxford aretoan, Euskal Herriko emakume sortzaileen ondare artistikoa zabaltzeko

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abe. 2a, 18:15

Rosa Valverde, Esther Ferrer eta Mari Paz Jimenez artisten lanak hartu dituzte oinarri, eta Aran Santamaria eta Irrimarra zumaiarrek eta Arrate Rodriguez oreretarrak horien gainean egindako interpretazioa aurkeztu dute erakusketan.

Gaur eguerdian, artea eta literatura uztartzen dituen Bagara! erakusketa ireki dute Oxford aretoan. Pamiela argitaletxeak plazaratutako ipuin ilustratuen bildumaren harira sortu da ekimena, eta erakusketa formatuan plazaratu dute lehen aldiz Zumaian. Erakusketaren helburua da Euskal Herriko emakume sortzaileen ondare artistikoa herritarren artean zabaltzea, eta Rosa Valverde, Esther Ferrer eta Mari Paz Jimenezen lanak hartu dituzte oinarri. Horretarako, ordea, ez dituzte artista horien lanak aurkeztu, hiru ilustratzailek horien gainean egindako interpretazioa baizik: Aran Santamaria eta Irrimarra zumaiarrek eta Arrate Rodriguez oreretarrak.  

Proiektuak lehen urratsak 2019-2020 urte inguruan egin zituen. San Telmo Museoan Baginen Bagara izeneko erakusketa zabaldu zuten Euskal Herriko emakume artisten ikusgarritasuna bultzatzeko, eta ikerketa ere abiatu zuten ordura arte emakume sortzaileek izan zuten oihartzuna aztertzeko, Garazi Ansa eta Haizea Barcenillaren gidaritzapean. Besteak beste, konturatu ziren emakume sortzaileak zabalkundea lortzeko bideetako bat haurrengan eragitea zela, eta horregatik bururatu zitzaien ipuin ilustratuen bilduma abiatzea. Artistak ezagutarazteko, ordea, ez dira artista horien bizitzan oinarritzen, euren artelanen hurbilketa estetiko bat egiten dute. "Nahi dugu liburua eta ilustrazioak ikusitakoan, irakurleak ilustrazioak artista horien artelanarekin erlazionatzea. Hala, Rosa Valverderen ibilbidea Arrate Rodriguezek ekarri du iruditara eta hitzak Maialen Lujanbiok jarri ditu; Esther Ferrer artista inter-diziplinarraren muina Aran Santamariak islatu du iruditan eta hitzak Aintzane Usandizagarenak dira, eta Mari Paz Jimenez margolariaren lanaren hurbilketa estetikoa egiteaz Irrimarra arduratu da eta testua Elena Olaberena da", azaldu du Garazi Ansa erakusketako komisario eta Bagara bildumaren arduradunak.

Zumaiako erakusketan liburuan jaso dituzten ilustrazio horiek erakusketa formatuan aurkeztu dituzte lehen aldiz eta Ansa "oso gustura" dago emaitzarekin. "Jendea ari da hurbiltzen eta badirudi erantzun ona izaten ari dela". Erakusketa abenduaren 17ra bitartean izango da zabalik Oxford aretoan. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat, igande eta jai egunetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.