Banatu dituzte Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sariak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abe. 1a, 18:00

Aintzane Usandizagak lortu du sari nagusia 'Oinak' ipuinarekin; Igor Mercado izan da bigarren saritua, eta Maddi Altunak jaso du Zumaiako lanik onenaren saria.

Asteazken arratsean banatu zituzten Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sariak, Aita Mari zinema aretoan, eta aurtengoan Aintzane Usandizagak lortu du sari nagusia Oinak ipuinarekin; epaimahaiak nabarmendu du "gertaera gogor bat goxo kontatzen duela, oso estilo finean, eta erritmoa eta tonua bikaina uztartuta". Lasartearrak eskerrak eman zizkien epaimahaiko kideei hainbeste lanen artean bere ipuinean zerbait berezia ikusteagatik. "Sorkuntza eremuan, lehiaketak zailak dira, aukeraketa bat izaten delako. Hala ere, uste dut ez dela galtzaile eta irabazle kontua, jendearekin konektatzea baizik. Zortea izan dugu gaur hemen gaudenok eta pozik gaude horregatik". Bestetik, Zumaiako Udalari ere eskerrak eman zizkion euskal literaturaren alde egiten duen ahaleginagatik, "euskal letren plazan ez direlako ohikoak horren apustu eskuzabalak". 

Igor Mercado izan da bigarren saritua Delineatzile erretiratua ipuinarekin. Izan ere, epaimahaik iritzi dio "batez ere pertsonaiaren deskribapenean dagoela ipuinaren balorea, irakurlea irrikaz jartzen duelako ipuina irakurtzeko".

Maddi Altunak Omatofobia ipuinarekin jaso zuen saria. Epaimahaiaren iritziz "freskotasuna" du ipuinak, "estilo fina eta bukaera biribila". Altunak hitza hartu zuen sari banaketa ekitaldian, eta zumaiarrak berak egin duen ariketa bera egitera animatu zituen. "Lagun min baten laguntzarekin aspalditik idatzita nituen zirriborro batzuk ordenatu eta ipuina osatu nuen. Zumaiarrak animatu nahi nituzke gauza bera egitera, laguntzen duelako norberaren barruko sentimenduak ere ordenatzen", azaldu zuen.

Aurten 45 ipuin aurkeztu dira Julene Azpeitia ipuin lehiaketara, eta horietatik bost zumaiarrenak izan dira. Literatura lehiaketako epaimahaia Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliñok osatu dute.

Sari banaketa eta gero literatura emanaldi musikatua eskaini zuten Iñar Sastre, Olatz Prat, Joxe Mari Iturralde eta Iñaki Azaldegik.