Giro aparta nagusitu da Pulporen 72. urteurreneko ospakizunean

Mireia Galarza Bastida 2023ko aza. 27a, 11:00

Ostiralean hasi eta igandera arte luzatu zuten festa, eta bertan, hainbat ekintza egin zituzten. Abenduaren 1ean aurtengo sukaldaritza ikastaroaren bigarren edizioa ospatuko dutela ere gogorarazi nahi izan dute elkarteko kideek. 

Azaroaren 11, San Martin eguna, uztarekin eta animalien sakrifizioarekin lotzen dugun arren, eguraldiarekin, bereziki San Martin uda edo uda txikiarekin edo eta Once zozketarekin ere lotu ohi dugu. Baina hainbat udalerritan ospatzen den jai honek beste ohitura bat ere badu Zumaian: Pulpo elkartearen urteurrena ospatzea, eta, aurten, 72. edizioa ospatu da.

Ohitura denez, hainbat egun irauten du urteurrenaren ospakizunak. Ostiralean, olagarro zopa eman zitzaien bazkideei zein elkartera hurbildu ziren guztiei. Bazkalostean, mus txapelketa jokatu zuten; lehia handiko txapelketa izan zen eta, 4 eta 3ko emaitzarekin, Guillermo Prietok eta Alberto Aldalurek irabazi zuten txapela.

Larunbatean, ohiko bazkideen bazkaria egin zen. Txikiteoarekin eman zitzaion hasiera egunari, ondoren, elkartean ospatu zen bazkariarekin eman zitzaion jarraipena, eta arratsaldeko txikiteoarekin amaitu zen, nahiz eta batzuek goizaldera arte ospatzen jarraitu. Nabarmentzekoa da egun berezi horretan adin ezberdinetako pertsonen artean sortzen den harremana, txikiteo, bazkari, solasaldi zein trikitrixaren inguruan.

Azken urteotan, urteurrenaren ospakizun egunean, elkartearen alde egin duen lana eskertzeko asmoz, bazkide bat omentzeko ohitura dago. Guztiok dakigu elkarteak hainbeste urte daramatzala bizirik jende askoren lanari esker, horregatik, beharrezkoa ikusten dugu, egindako lanak aitortzea, elkartearen etorkizunari begira ere, ezinbestekoa izango delako bazkideen laguntza. Edizio honetako omendua Juan Carlos Cendoya Aizpurua izan da, eta hainbeste urtetan egindako lana aitortu zaio. Igandean, berriz, ospakizunekin amaitzeko, hildako bazkideen aldeko mezaren ostean, ohiko hamaiketakoa dastatu zen.

Urteurrenaren ospakizuna, Pulpo elkartearen ekitaldien egutegiaren barruan, aurtengo azkenaurreko ekitaldia izan da. Udatik hona talde ezberdinei zuzendutako hainbat ekintza burutu dira. Azpimarratzekoa da San Juan egoitzako bizilagunentzat antolatu den bazkaria, egoiliarrek ospitaletik irten, eta kalean zein Pulpo Elkartean gozatzeko aukera izan baitute. Aipatzeko moduko beste jarduera bat garagardo azoka edo Pulpofestaren bigarren edizioa izan da, sektore gaztea erakartzea helburu duena, horiek izango baitira elkartearen etorkizuna.

Azkenik, eta urteari amaiera emateko, aurtengo sukaldaritza ikastaroaren bigarren edizioa ospatuko da abenduaren 1ean. Aurreko edizioan bezala, Ibon Uranga izango da ikastaroa emango duena Eloy Vázquez eta Yirong Wangek lagunduta. Oraingo honetan, sasoia izanik, Gabonetako ospakizunetarako ideiak emateko menua hautatu da. Horrezaz gain, Trufbox enpresako bazkide den Jaime Olaizola ere etorriko da eta, bertaratzen direnek, trufarekin egindako hainbat plater dastatu ahal izango dituzte (trufak etxera bidaltzeko zerbitzua ere eskaintzen du). Menuan dastatu ahal izango diren ardoak Bodegas Elosegik eskainiko ditu.