Jendetza elkartu da Gazte Asanbladaren "15+2" urteurrena ospatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 26a, 15:00

Festa handia egin dute bart Torreberri gaztetxean eta goraino bete dute barrualdea nahiz kanpoaldea ere. Hamarru elektrotxarangak egin ditu beroketa lanak herriko kaleak dantzan jarriz, eta, Eirek, Akaleiak eta Bikabik borobildu dute.

Festa jendetsua ospatu zuten atzo Torreberri gaztetzean Zumaiako Gazte Asanbladak antolatuta. Zehazki, asanblada eraberrituaren bigarren urteurrena ospatzeko eta haren aurretik izan zenak egindako 15 gogoratzeko eguna izan zen atzokoa, eta, sekulako arrakasta izan zuen deialdiak; izan ere, gaztetxe barrualdea ez ezik, kanpoaldea ere bete zuten.

Dena den, ospakizunak Torreberrira heldu aurretik herriko kaleetan ere zabaldu ziren. Hamarru elektrotxaranga aritu zen horretan. Haiekin batera, instrumentuak jotzera eta abestera animatu ziren beste hainbat lagun ere aritu ziren, mikrofono ireki saioa izan baitzen atzokoa.

Hamarruk bere saioa amaitutakoan hasi zen gaztetxeko festa handia, non herriko musika doinuak izan ziren nagusi. Ikusmin handia piztu zuten Eirek, lehendabizi, eta, Akaleiak, ondoren, Torreberriko ataria bete ez ezik, saltoka ere jarri zuten. Horiek amaitutakoan, barrualdean jarraitu zuen festak Bikabiren eskutik. Kontzertu amaieran, sorpresa ere eskaini zuten, gainera, oholtzara igo ziren herriko hainbat musikarik, eta, bide batez, azken keinua egin zioten Hamarruren mikrofono irekiari. Zuzeneko musika saioak amaitutakoan, ordu txikiak arte luzatu zuten festa bertaratuek.