Azaroak 25

11 indarkeria matxista kasuren berri izan du udalak aurten

Maria Maya Manterola 2023ko aza. 24a, 14:30
Eraso bat salatzeko elkarretaratzea, apirilean. (Juan Luis Romatet)

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira, bildutako datuen berri eman du udalak, eta argitu du Gizarte Zerbitzuen arreta jasotzeko edota Emakumeon Etxeko laguntza juridiko edo psikologikoaz baliatzeko ez dela beharrezkoa salaketa formala jartzea.

Lau indarkeria matxista kasu artatu dituzte Zumaiako Gizarte Zerbitzuek urtea hasi zenetik. Iaz bost gutxiago izan ziren garaiotan. Dena den, aurretiazkoak diren beste bederatziri arreta ematen jarraitu dute.

Horrez gain, zehaztu dute indarkeria matxista jasan duten zazpi emakume Emakumeon Etxean lagundu dituztela eta seik Ertzaintzara jo dutela. Horren harira, udalak dio ez duela modurik jakiteko kasu horiek berak ote diren.

Halaber, zehaztu du bi emakumek soilik jarri dutela salaketa formala, eta, 18 eta 49 urte artean dituztela. Gainera, gutxienez bi biktimak adin txikiko seme-alabak dituzte.

"Indarkeria matxistaren egiturazko izaera" azpimarratu du udalak, batetik. "Emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio" dira kasuak, isolatuak izatetik urrun. Izozmendi baten antzerakoa da indarkeria, udalaren hitzetan: "Erailketak ikusten ditugu, baina horren oinarria egunerokoan emakumeok bizi dituzten mila eraso ezberdinek osatzen dute".

Indarkeriari aurre egitea herritar guztien ardura dela esan du udalak, bestetik. "Emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu eta subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatzeaz gain, gizonek ere ardura hartu eta beren pribilejioen inguruan hausnartu dezaten ezinbestekoa da. Horrez gain, ezinbestekoa da bizitzako arlo guztietan gai honen inguruko prebentzioa eta lanketa egitea, errotiko aldaketa bat emateko behar-beharrezkoa biata lanketa etengabea egitea", gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira antolatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, baita Mugimendu Feministak egingo duen mobilizazioan parte hartzera ere. Bihar izango da, 13:00etan Beheko plazatik hasita.