Azaroak 25

Indarkeria matxistari hitzez eta ekintzez aurre egiteko aldarria zabaldu dute ikasleek

Maria Maya Manterola 2023ko aza. 24a, 13:30

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da bihar, azaroak 25. Hezkuntza komunitateak bat egin du aldarri horrekin, eta giza kate jendetsua egin dute ikasle eta irakasleek.

Bihar da azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, baina dagoeneko hasiak dira aldarrikapenak plazaratzen. Izan ere, gaur goizean, Zumaiako Herri Eskolako, Zumaiako Institutuko, Zumaiena Ikastetxeko, Oikiako Eskolako eta Soldadura Zentroko ikasle eta irakasleek parte hartu dute Martxoaren 8a plazan hasi eta Beheko plazan amaitu den mobilizazioan. Indarkeria matxistari hitzez eta ekintzez aurre egiteko konpromisoan berretsi da hezkuntza komunitatea. Ikasleek beraiek irakurri dute eguneko adierazpena, eta ondoren bertso batzuk abestu dituzte. 

Bihar, berriz, manifestazioa izango da Beheko plazatik hasita, Zumaiako Mugimendu Feministak deituta.