Hasperenak gerra oihu

Esther Eizagirre 2023ko aza. 26a, 11:00

Esther Eizagirrek azaroko BALEIKE aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Azaroaren 30eko greba feminista orokorra izan du hizpide Eizagirrek. 

Hasperen bat. Sukaldeko aulki baten karraska. Erortzen uzten diren beso nekatuak. Beste hasperen bat. "Ez naiz egun osoan eseri". Hasperen horren atzean: ama bat, amona bat, alaba bat, etxeko langile bat. Zaintzaile bat.  Eszena hau ezaguna egingo zaizue askori. Ez da kasualitatea. Katrine Marçal idazle suediarrak dioen moduan, sistema kapitalista nola sostengatzen den ulertzeko honakoa galdetu behar diogu geure buruari: zeinek prestatzen zion afaria Adam Smithi?

Pandemiak nahiz krisi klimatikoak agerian jarri dute batak bestearen beharra dugula bizirauteko. Zaintzarik gabe, gizartea kolapsatu egingo litzateke. Orain arte kolapsatu ez bada, emakume askoren lan ikusezin eta isilduari esker izan da. Heteropatriarkatuak emakumeen gain jartzen du zaintzaren pisua. Lan munduan presentzia gero eta handiagoa izateak ez du esan nahi lan domestikoan ardura gutxiago dutenik. Zaintza lan ordainduan ere langileen egoera guztiz prekarioa da. Politika neoliberalek eta etengabeko pribatizazioek hona ekarri gaituzte: bizitza duinak izateko eskubidea negozio hutsa bilakatzera.

Zeinek zaintzen du? Zeinek ez? Zeinek ordaindu dezake langile bat bere zaintza ardurak bete ditzan? Zein da zaintza lana soldata baxu baten truke egitera behartuta ikusten dena? Genero desberdintasunak eta bakoitzari atxikitutako rolek zerikusi handia dute honekin. Zaintzea feminitatearekin lotzen bada, ez zaintzea maskulinitatearekin dago lotuta. Premiazkoa da genero-rol hauek zalantzan jarri eta eraldatzea.  Hala ere, argi dago injustizia genero desberdintasunetik harago doala. Zaintza lan ordaindua egiten dutenen gehiengoa behe-klaseko emakumeak dira eta, askotan, arrazializatuak. Desberdintasun ekonomikoak eta arrazakeriak zeharkatzen duten arazo baten aurrean gaude. Zentzu horretan, feminismoaren borrokak antikapitalista, antikoloniala eta antiarrazista izan behar du. Bestela, ez digu balio.

Euskal Herriko mugimendu feministak borrokari heldu dio. Azaroaren 30erako greba feminista orokorra konbokatu da zaintzarako eskubide kolektiboaren alde. Grebara emakumeak zein gizonak konbokatuta daude. Izan ere, zaintza tradizionalki feminizatua izateak ez du esan nahi izatez emakumeari dagokionik. Zainduak izateko eskubidea denok dugun moduan, zaintzeko ardura ere denona da. Grebak zaintza esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea du helburu. Epe laburrean, zaintzaileen lanaren aitortza eta lan baldintza duinak borrokatzea da lehentasuna. Baina hori ez da nahikoa. Epe luzera, zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatuko da, zaintza lanak familiarizatua eta pribatizatua izateari utz diezaiola exijituz. Talde feministak, sindikatuak eta beste hainbat eragile jada lanean gaude.

Beste errealitate batzuk imajinatzera ausartu behar gara. Utopikoak zein bizirauteko beharrezkoak diren errealitateak, zaintza kolektiboa eta bizitza erdigunean jartzen dutenak.

Hasperenak gerra-oihu bilakatuko ditugu. Azaroren 30ean, denok grebara!