Arritxu Bidasoro: "Zaila da jende berria aurkitzea"

Amaia Agirre 2023ko aza. 25a, 09:30

Argazkia: Amaia Agirre.

Arritxu Bidasoro Beheko Plaza Jubilatuen Elkarteko kidea da, eta elkartean sartu zenetik dago hango batzordean. Urte batzuk badaramatza jada buru-belarri kontu horietan; ez alferrik, orain dela zortzi bat urtetik elkarteko lehendakaria ere bada Bidasoro. Azaroko BALEIKE aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain. 

Urte asko daramazu Beheko Plaza Jubilatuen Elkartean buru-belarri. Nola ikusten duzu elkarteko batzordea? Eta etorkizuna?

Lehengo pertsona berberak jarraitzen dugu –beti izaten da baja edo altaren bat tartean–; zortzi gara taldean. Oso zaila da halako konpromiso bat hartzea, astean behin edo bitan bertara etorri beharra dugulako ekintzak edo irteerak antolatzera. Jendeak ez du nahi horrelako loturarik hartu, eta zaila egiten zaigu jende berria aurkitzea. Hala ere, gustura gaude osatu dugun taldearekin.

Elkartean bertan zenbat bazkide zarete?

Elkartean guztira 1.400 bazkide izango gara, gutxi gorabehera. 81 urtera arte kuota ordaintzen dugu; orain, 1.080 bat pertsonak osatuko dugu talde hori. 81 urtetik gorakoek, berriz, ez dute kuotarik ordaintzen, baina bazkide izaten jarraitzen dute.

Urtean zehar hainbat eratako ekintzak prestatzen dituzue, ezta?

Neguan zehar hainbat ekintza egiten ditugu, bai. Adibidez, Kontsumobideko hitzaldiak edo KZguneak eskaintzen dituen ikastaroak antolatzen saiatzen gara. Normalean taldeak ateratzen dira, baina taldea atera ez den urterik ere izan dugu. Kiroldegian, mantentze-gimnasia ere egiten da, eta bertara 80-90 pertsona joaten dira, gutxi gorabehera.

Gero, Santa Luzia egunean eta San Tomas egunean ere, festa antolatzen dugu. Santa Luzia egunean txokolate beroa prestatzen digute jubilatuen tabernan, eta santomasetan, berriz, txistorra. 

Herriko festetan ere lanean jarduten duzue.

Santelmoetako bigarren asteburuan olagarro zopa lehiaketa antolatzen dugu. Herriko beste elkarteekin elkarlanean antolatzen dugu hori. Lan handia ematen duen arren, giro polita izaten da. "Lan handia" esaten dudanean, aurreko prestaketez ari naiz, bi hilabete lehenago edo hasi behar delako, olagarroa lortzen eta beste zenbait gauza lotzen.

Lehiaketa horretaz gain, Toka txapelketa ere antolatzen dugu. Hasiera batean jubilatuak bakarrik aritzen baziren ere, geroz eta gaztetxo gehiago etortzen dira. Jubilatuak eta gazteak elkarrekin gustura ibiltzen dira, eta giro ederra sortzen da!  

Herriko omenduen eguna ere zuek antolatzen duzue?

Udaletxearekin elkarlanean antolatzen dugu hori, bai. Adinekoen Astea deitzen diogun aste horren barruan jartzen dugun eguna da. 90 urte betetzen dituzten herritarrei egiten zaie omenaldia. Igandea izaten da, eta goizean mezatara joaten gara. Ondoren, jubilatuen tabernan hamaiketako bat egiten da, eta bertan omentzen ditugu 90 urteko herritarrak. Momentu eder horretan bertan parte hartzen dute udaletxeko eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkari banak, baita jubilatuen elkarteko kideren batek ere. Omenduei lore-sorta eta oparitxo bana ematen zaie, eta polita izaten da.

Ekintzez gain, egun pasak ere egiten dituzue, ezta?

Bai, urtean bi edo hiru egun pasa egiten ditugu. Aste honetan [urriak 28ko astea] egin behar dugu urte amaierako egun pasa. Tolosara goaz goiz pasa, eta gero bazkaltzera sagardotegira joango gara. 85 pertsona elkartuko gara bertan.

Gero, udaberrian berriz ere beste egun pasaren bat izango da. Orduan Gasteizera edo Nafarroa aldera joango gara. 

Egun pasa motz geratzen zaienentzat oporralditxorik...?

Urtean hiru izaten dira horrelakoak. Batetik, apirila-maiatza aldera atzerrira joaten gara; ekain inguruan beste bidaia kultural bat izaten da; eta, azkenik, hondartzan deskantsua hartzera joaten gara, urria aldera.