'Vidas pasadas' eta 'Nobitaren dinosauro berria' filmak izango dira ikusgai asteburuan

Maria Maya Manterola 2023ko aza. 24a, 09:00

Ostiralean, larunbatean, igandean eta astelehenean ikusi ahal izango da helduei zuzenduriko film estatubatuarra. Nobitaren dinosauro berria, berriz, igandean botako dute Aita Marin. 

Asteburu honetan ere izango da zinemaz gozatzeko aukera Zumaian. Ostiraletik astelehenera bitarte, Celine Song zinemagile estatubatuarraren Vidas pasadas luzemetraia ikusi ahal izango da Aita Mariko zine aretoan, egunero, 19:30ean. Noraren familiak Kanadara emigratzen du 10 urte dituenean. Horrela, haurtzaroko lagun min batekin harremana galtzen du. Handik urte askotara, Nora New Yorken antzerkia ikasten ari dela, berarekin elkartuko da online.

Nobitaren dinosauro berria, berriz, igandean izango da ikusgai, 17:00etan. Nobita dinosauroen erakusketa batera joan da ikaskideekin, eta dinosauro-arrautza baten fosila dirudien harri bat aurkitu du. Doraemonen denboraren zapiarekin, fosila jatorrizko egoerara itzuli eta arrautzatik bi dinosauro biki aterako dira. Ikus-entzule guztientzat egokia den filma da.