"Maila altukoa" izan da Klarinete Laukoteen Lehiaketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 18a, 16:30

Gasteizko Cuarteto Guridi, Zumaiako eta Errenteriako musikariek osatutako Kumu Laukotea eta Andoaingo 1.4 Quartet gailendu dira guztira parte hartu duten 11 taldeen artean. Denen lana goraipatu dute epaileek. Ikusleak, berriz, ehun inguru izan dira.

Arrakastatsua izan da oso Zumaiako Klarinete Laukoteen Lehiaketa. Batetik, ikusle asko erakarri dituelako, eta, bestetik, musikarien maila ere "altua" izan delako. Hala nabarmendu dute, behintzat klarinete jotzaileen lana baloratu behar izan duten epaileek. Antolatzaileek, beren aldetik, azaldu dute Zumaiena ikastetxeko Domoa bete egin dutela: "80 eserlekuetako bakar bat ere ez da libre geratu eta askok saioa zutik edota aretoaren kanpoaldean jarraitu behar izan dute".

Guztira 11 izan dira lehiaketan parte hartu duten taldeak; 40 musikari inguru, beraz, zenbaitek talde batekin baingo gehiagorekin jo baitute. Bata lehiatu diren talde guzti horien artean, Cuarteto Guridi, Kumu Laukotea eta 1.4 Quartet izan dira irabazleak eta Oxford aretoan jaso dituzte beren sariak. Hori ere, bete egin da eta askok zutik jarraitu behar izan dute ekitaldia.

Txapeldunei erreparatuta, atzera berriro, Cuarteto Guridi Gasteiztik etorritako Maria Arriolak, Jon Ander Aulestiartek, Xabier Sagastegik eta Daniel Lekuonak osatu dute eta 17 eta 21 urte arteko klarinete jotzaileen kategorian gailendu dira. Jaialdia sarian, alegia. Hori horrela, sari ekonomikoaz gain, udan Zumaian egingo duten nazioarteko musika jaialdiaren irekiera kontzertua emango dute. Musikari gasteiztarrek Miriam Romatet Zumaiako Udaleko kultura teknikariaren eskutik jaso dute haien saria.

Kumu Laukoteak, berriz, 13 urtetik 16ra bitarteko musikarien Gaztetxola saria jaso du eta Zumaiako eta Errenteriako Musika Eskoletako honako ordezkari hauek osatu dute: Kepa Erkiziak, Uxue Mitxelenak, Maia Vitak eta Uxoa Aranberrik. Ainhoa Marauri Biola jotzailearen eskutik jaso dute saria.

1.4 Quartet laukoteak, azkenik, 8 eta 12 urte artekoen Ludoteka saria irabazi du, eta, hain justu, Ludotekao erabiltzaileek eman diete saria. Zehazki, eskuz egindako oroigarri bana eman diete Andoaingo Joan Loiarte, Ekhi Ugalde, Nalia Martin eta Leo Ballesterosi.

Sari banaketaren aurretik musika saio laburra ere eskaini dute Sapere Aude Sinfonietta taldeko bost musikarik. Gerald Finzik konposatutako 5. Bagatelles laneko bost abestiak interpretatu dituzte, zehazki.