Alex Odriozola, Euskal Herriko txapeldun bodyboardean

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 13a, 15:10

Ezkerretik, Jon Lopez, Alex Odrozola, Alex Uranga eta Xabi Urrestilla. (Euskal Herriko Surf Federazioa)

Bodyboardeko euskal zirkuituko proba jokatu zen larunbatean Itzurun hondartzan. Open zein 18 urtez azpikoen mailan nagusi izan ziren herriko kirolariak.

Eguraldi euritsuarekin jokatu zen larunbatean Itzurun hondartzan bodyboardeko euskal zirkuituko proba. Olatuen faltarik ez zuten izan parte hartu zuten kirolariek, eta eguraldiak zaletu asko uxatuko bazituen ere, bertaratu zirenek bodyboardlariek olatuen gainean egindako maniobra ikusgarriez gozatzeko aukera izango zuten.

Open mailan garaipena etxean geratuko zela argi zegoen, finalera heldu ziren lau parte hartzaileak zumaiarrak zirelako. Hala, finaleko eta, ondorioz, Zumaiako probako irabazlea, Alex Odriozola izan zen. Bigarren Jon Lopez sailkatu zen, Alex Uranga hirugarren, eta Xabi Urrestilla laugarren. Garaipen honen ondorioz, gainera, euskal zirkuitua ere irabazi du Odriozolak.

18 urtez azpikoen podiuma. (Euskal Herriko Surf Federazioa)

18 urtez azpikoen kategorian, berriz, Unax Pascual izan zen irabazlea, bigarren egin zuen Mikel Egigurenen, hirugarren izan zen Lua Eizmendiren eta laugarren sailkatu zen Martin Irureren aurretik. Laurak ere zumaiarrak dira.