Emakume migratu, arrazializatu eta ijitoek grebarako eskubiderik ez dutela salatu dute zenbait elkartek

Maria Maya Manterola 2023ko aza. 11a, 14:30

Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren harira, prentsaurrekoa izan da eguerdian Saregile plazan. Langile arrazializatu, migratu eta ijitoek grebarako eskubiderik ez dutela salatu dute hainbat elkartek, tartean, Malen Etxeak.

Zumaian agerraldia egin dute Euskal Herriko dozenaka elkartek –tartean, Malen Etxeak– gaur eguerdian, azaroaren 30eko greba feminista dela eta. Azaldu dute zaintzarako eskubide kolektiboaren alde egon arren grebarekin bat ez egitea erabaki dutela, langile arrazializatu, migratu eta ijitoek grebarako eskubiderik ez dutelako. 

Batetik, salatu dute pertsona arrazializatu, migratu eta ijitoak aintzat hartzen ez dituen planteamendua dela grebarena. Izan ere, beren hitzetan, soldatapeko feministak greba egingo dute, hein batean, "gainerakoen" eskubideak defendatzeko, greba ezin dutenen eskubideak, alegia. 

"Bazterketa esanguratsua" da, beren ustez, zaintza lanak emakume migratuen gain erortzen direla kontuan izanda. "Mugimendu feministak planteamendu itxi batera gehitzera gonbidatu gaitu, baina beste urte batez, ez gaituzte entzun eta ez dituzte aintzat hartu espazio batzuetan izan ditugun eztabaidak", gaineratu dute. 

Bestetik, nabarmendu nahi izan dute emakume ijitoak lan merkatutik kanpo daudela, baita lan prekarioenetatik ere. Era berean, zalantzan jarri dute haurren, adinekoen edota mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza kanpora ateratzea ere. 

Espainiako parlamentuan 500.000 pertsonen erregularizazioa eskatzeko sinadura bilketa ere aipatu dute. Dena den, beren ustez, alderdi euskaldunek ez dute defendatu beren proposamena. Jarraian zerrendatu dituzte beren eskakizunak: erroldatzeko erraztasunak izatea, diru publikoarekin langile migratuak esplotatzeari uztea, etxeetako zaintzaren esparruan astean 35 orduz lan egitea gehienez ere, baztertze egoerari aurre egiteko neurriak hartu eta doako hezkuntza publikoa eta kalitatezkoa jasotzeko eskubidea izatea eta etxebizitza eskubidea, besteak beste.

Arrazakeriaren aurkako eta deskolonizazioaren aldeko feministak diren aldetik, beren kolektiboen aitortza galdegin dute, amaitzeko. Beren ustez, ez da nahikoa egun bateko ekintza sinbolikoekin: agendak eta estrategiak ikuspegi antiarrazistarekin berrikusteko eskatu dute, "arrazakeria kolonialaren aurkako erreparazio historikoan" aurrera egiteko.