Bi antzezlan izango dira asteburuan Aita Mari aretoan

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 9a, 15:33

Ez naiz inoiz Dublinen egon komediako une bat.

Ez naiz inoiz Dublinen egon komedia izango da bihar, eta Andereño haurrentzako antzerkia igandean. Ostiraleko antzezlanerako sarrerak agortuta daude jada, baina iganderako eros daitezke jada.

Bitan igoko dute oihala datorren asteburuan Aita Mari aretoan. Izan ere antzezlan bana izango da Zumaiako aretoan ostiralean eta igandean. Bihar, Ez naiz inoiz Dublinen egon komedia ikusteko aukera izango da 20:00etatik aurrera; igandean, berriz, Andereño haurrentzako antzerkia eguerdiko 12:00etan hasita. Zumaiako 2023-2024 antzerki denboraldiaren barruan sartzen diren lanak dira biak ere.

Komediaren beharra du jendeak, eta komedia garratza izanda ere, bihar Aita Marin taularatuko den lan honetan aurkituk du beharra asetzeko modua. Aitziber Garmendiaren lan askorekin gertatzen den bezala, publikoak espero bezala erantzun du oraingoan ere. Izan ere, abiada bizian saldu dira antzezlanerako sarrerak, eta dagoeneko agortuta daude.

Ez naiz inoiz Dublinen egon, besteen bizipen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza da. Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin. Gau zoro honetan zehar bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu.

Igandean, berriz, Anita Maravillasen Andereño haurrentzako antzezlana ikusteko aukera izango da. Anita Maravillasen zazpigarren lana da Andereño. Haurrentzako eta familientzako txotxongilo-ikuskizuna da, irakasle baten eta bere eskola txikiaren istorioa kontatzen duena, maitasunetik eta elkarren zaintzatik eraikitako eskolarena, alegia.

Antzezlan honetarako sarrerak aurrez eros daitezke turismo bulegoan edo, online, hemen. Prezioa 4 euro da.