Palestinarentzako konponbide politikoa eskatu dute Zumaian ere

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 7a, 20:02

Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean. (Juan Luis Romatet)

Dozenaka lagunek egin dute bat Gernika-Palestina mugimenduak egindako deialdiarekin. Palestinarako konponbide politikoa eskatzeaz gain, urrian Gazan hasitako gerra bukatzea ere eskatu dute.

Euskal Herriko 107 herrik parte hartu dute Gernika-Palestina kolektiboak egindako deialdiarekin. Gazan urrian hasitako gerrari amaiera ematea eskatuz, hainbat mobilizazio egin dira herri hauetan. Goizez, hezkuntza zentrotan eta lantegi batzuetan egin dira. Arratsaldez, berriz, herriko plazetan edo udaletxeetako atarietan.

Zumaian ere hala egin da. 19.00etarako zegoen jarrita hitzordua, eta dozenaka lagun inguratu da bertara helburu komun batekin: Gazan urriaren hasieratik abian den gerra eta horrek eragindako sarraskia bukatzea batetik, baina baita Palestinan hamarkada luzez pairatzen duten egoerari konponbide politikoa eskatzea.

Ordu laurden inguru iraun du kontzentrazioak, eta komunikatua irakurri ondoren, "Palestina askatu!" zioen aldarria ere ozen entzun da.