Hondartzen sorospen zerbitzua aldundiak ordaintzea eskatu dute kostako herriek Batzar Nagusietan

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 8a, 08:00
Santiago hondartza.

Haritz Alberdi Getariako alkateak aldundiko Gobernantza Batzordean eman zituen azalpenak herenegun Zumaiako, Getariako, Orioko eta Mutrikuko udalen izenean. Udalak aurrekontuak orain lantzen ari direnez, "urratsak azkar" ematea eskatu zion aldundiari. Izan ere, Gobernantza diputatuak gaia lantzeko bilera egingo dutela agindu zien kostako udalei urri amaieran, baina oraingoz datarik ez dute jarri. 

Haritz Alberdi Getariako alkatea aldundiko Gobernantza Batzordean izan zen herenegun "aspaldiko eskakizun bati" buruzko azalpenak ematen: hondartzetako sorospen zerbitzuaren kudeaketa aldundiak hartzeko beharraz aritu zen. "Urte askoan hainbat herri egiten ari garen eskaera da sorospen zerbitzuaren kudeaketa aldatzea eta aldundiak bere gain hartzea. Azken urteetan egoera jasanezina bihurtu da, eta okertzera doa", esan zuen Alberdik. Datuak jarri zituen mahai gainean: 2012an Getariako udal aurrekontuaren %2,89 eraman zuen sorospen zerbitzuak, 79.861,98 euro. Hamarkada bat geroago, aurten, aurrekontuaren %4,19; hau da, 166.148,14 euro. Oriok aurten 140.000 euro gastatu ditu zerbitzu hori eskaintzen, eta 230.000 euro Zumaiak, beste bi adibide ematearren.

Alberdik azaldu zuen aldundiaren dirulaguntzak, berriz, bere horretan mantendu direla hamarkada horretan: 10.000 euro inguru urtean, Getariaren kasuan; hori bai, onartu zuen pandemiatik hona bigarren laguntza bat jasotzen dutela Ingurumen departamentutik, eta azken bizpahiru urteetan 35.000 euro jasotzen dituztela guztira urtean Getarian. Alberdik "eskertu" egin nahi izan zuen laguntza hori, baina aldi berean, argi utzi zuen udalentzat jasanezina dela zerbitzu horren kostua beren gain hartzen jarraitzea, eta hondartzak "gipuzkoar guztienak" direla ere nabarmendu nahi izan zuen. "Horregatik, gutuna bidali genion lauzpabost alkatek aurreko Irune Berasaluze Gobernantza diputatuari, eta oraingoari ere bidali diogu. Maiatzetik, hiru aldiz bidali dugu gutuna. Diputatuaren erantzuna ere badugu, urriaren 25ean emana, esanez bilduko dela gurekin, eta pozten gara. Eskertuko genuke bilera hori azkar batean egitea, udal aurrekontuak lantzen ari garelako eta eragin handia duelako horietan".

Bilera horren datarik ez dute jaso oraindik gutuna sinatu zuten Getariako, Orioko, Zumaiako eta Mutrikuko alkateek –aurreneko gutuna Debakoak ere sinatu zuen–, eta Alberdik behin baino gehiagotan eskatu zuen atzoko hitzartzean "urratsak azkar" ematearen premia.

Behin-behineko soluzioa, eta behin betikoa

Alberdik badaki beraiek eskatzen duten konponbidea ezin dela egun batetik bestera gauzatu. Horregatik, behin-behineko soluzioa ere jarri zuen mahai-gainean: kudeaketa eskuz aldatu bitartean, aldundiak dirulaguntza zuzena ematea kostako udalei gastu osoa estaltzeko. "Gu prest gaude zerbitzua kudeatzen jarraitzeko aldaketa prozesua gauzatu bitartean, eta bidelagun izateko prest ere bagaude", azpimarratu zuen.

Benetako konponbidea, berriz, kudeaketa integral bat dela uste du Alberdik. Gaur egun hondartzen garbiketaz eta mantenuaz aldundia arduratzen da, eta kostako udalek nahi dute sorospenaz eta horri lotutako beste hainbat lanez ere aldundia arduratzea: "Aldundiak hondartzetan eskaintzen duen garbiketa eta mantenu zerbitzua ona da, kalitatezkoa, eta justua, hondartza guztietan garbiketa eta mantenu bera egiten duelako. Sorospena ere bere gain hartuko balu, zerbitzu hori ere berdina izango litzateke hondartza guztietan. Izan ere, orain herri bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren araberakoa da", azaldu zuen Getariako alkateak.

Azpimarratu zuen jada martxan daudela ondo funtzionatzen duten bi adibide: aipatutako garbiketa eta mantenu zerbitzua, eta Bizkaiko hondartzen kudeaketa, hori bere osotasunean hango Foru Aldundiak egiten baitu 2012 urtetik. "Ez dago ezer berririk asmatu beharrik", Alberdiren iritziz.

Bestalde, bainu egokituaz ere mintzatu zen: "Gipuzkoan bi hondartzak eskaini dezakete zerbitzu hori: Hondarribiak eta Getariak. Eta guk, Getarian, onartzen dugu ezin dugula behar bezalako zerbitzurik eskaini gure baliabideengatik. Tristura ematen dit horrek", esan zuen.

Alderdien erantzunak

Alberdiren hitzartzearen ondotik, Gobernantza Batzordeko kideek hartu zuten hitza. Alderdi Popularreko, Elkarrekin Podemoseko eta EH Bilduko batzordekideek esan zuten kostako alkateen eskaria "oso zentzuzkoa" iruditzen zaiela, eta bat egin zuten Alberdiren eskariekin.

PSE-EEko ordezkariaren ustez ere eskaera "zentzuzkoa" da, eta pozik agertu zen "abiapuntu bat" badagoelako eta Alberdiri eskerrak eman zizkion gutuna idatzi duten alkateak "jarrera eraikitzailearekin" atzematen dituelako. Garrantzitsuena elkarrizketa dela esan zuen, "bi parte eta bi ikuspuntu" daudelako gai honen inguruan.

EAJko ordezkariak ere Alberdiren "tonua" eskertu zuen, eta esan zuen ulertzen duela "gaia integrala" izan behar dela. "Espero dugu gaia bideratzea aldundiarekin egin behar duzuen bilera horretan", esan zuen.

EH Bilduko ordezkariak, azkenik, bere babesa eskaini zion alderdikidea duen alkateari: "Kostako herrien aspaldiko eskaria da, eta bada momentua konponbide logiko eta justua emateko arazo honi. Gipuzkoako kostako herri gehienak txikiak dira, eta sorosle zerbitzuak sekulako kostua du eta ez da sostengarria. Gure ustez aldundiari dagokio zerbitzu hori kudeatzea, eta erabat bat egiten dugu Alberdiren eskaerarekin".