Zabaldu ditu ateak Albergak

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 5a, 13:00

Bihartik aurrera irekita egongo da Hogarreko espazioa goizetik iluntzera herriko ekintzaile eta proiektu kolektiboentzat. Ekonomia soziala ardatz duen egitasmoak Zumaian hasiko du bidea, baina hori inguruko herrietara zabaltzea da udalaren eta udal elkartearen asmoa.

Zumaiako ekintzailetza kolektiboak saretu eta sustatzeko elkartea da Alberga, eta ostegun iluntzean egin zuten aurkezpena zabaldu berri duten egoitzan, Hogarreko lehenengo solairuan. Miren Osak eta Maddi Urangak –Albergako kidea eta dinamtzailea, hurrenez hurren– eman zituzten azalpenak. Osak esan zuen etorkizunean etorriko diren proiektu kolektiboei eta gaur egun dauden horiei marko bat eman nahi izan dietela, "aterpe bat, burujabetza helburu, norabide berean joateko denak".

Espazio fisikoak hiru gune ditu: harrera, bilera gela eta elkargunea edo lanerako gunea. Aurkezpena azken gune horretan egin zuten dozena bat herritarren aurrean, eta bertan izan ziren Iñaki Ostolaza alkatea eta Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, besteak beste.

Urangak azaldu zuen datorren astetik aurrera, alegia, azaroaren 6tik aurrera, espazioa astelehenetik ostiralera egongo dela zabalik, 09:00etatik 20:00etara, eta bi egunetan egongo dela harrera zerbitzua: asteazkenetan arratsaldez, eta ostiraletan goizez. Urangak berak emango du bidelaguntza zerbitzu hori, baita informazioa ere.

Osak eta Urangak esan zuten ateak herritar eta proiektu ororentzat daudela zabalik, eta arau nagusia bat izango dela: denbora bankua deritzona aplikatzea. Alegia, han biltzen diren proiektuen artean elkarlana derrigorrezkoa izango da, baita gizarteari ekarpen bat egitea ere. Esaterako, autonomo batek bideogintzako proiektua baldin badauka, bere aportazioa izan daiteke Albergarentzat bideo bat egitea. Saretzea eta trukea izango dira arau nagusiak, labur esanda.

Hori dena finkatzeko, batzarrak egingo dituzte espazioa erabiltzen duten erabiltzaileek eta Albergako kideek. Izan ere, elkarlanera batzen diren proiektuen beharren eta ezaugarrien arabera hasiko dute bidea, "malgutasun osoz".

Osak azpimarratu zuen derrigorrezko truke eta elkarlan horrek egiten duela berezi Zumaiako proiektua inguruko beste antzeko dinamiketatik –Hernanikoa eta Bergarakoa izan dituzte eredu–.

Espazio fisikoa, hitzaldiak eta formazioa

Ekonomia soziala bultzatzeko, hiru hankarekin abiatu da proiektua: espazio fisikoarekin, hitzaldiekin eta formazio saioekin. Hitzaldiei dagokienez, Osak azaldu zuen hiru lan lerro aukeratu dituztela aurten, "hirurak burujabetzaren ikuspegitik: zaintza, elikadura eta energia". Abenduan zaintzari buruzko hitzaldia emango dute, 2024ko urte hasieran energiari buruzkoa, eta udaren aurretik, azkenik, elikadurari buruzkoa. Aurrerago jakinaraziko dituzte datak. 

Espazio fisikoa erabiltzeko, berriz, Albergako kideekin jarri beharko da harremanetan info@alberga.eus posta elektronikora idatzita.

Formazioari dagokionez, Olatukoopekin batera, formazioa emango zaie eragile eta ekintzaileei, eta interkooperazioari dagokionez, Urola Kostan udal elkartearekin eta beste eragileekin ere elkarlanean ibiliko dira.

Izan ere, Albergak badu beste helburu bat ere: "Administrazio publikoan eta gobernantza ereduan ekonomia sozial eraldatzaile ikuspegia txertatzea. Alegia, herrigintzaren eta publikoaren arteko sarea sustatzea".

Iñaki Ostolaza alkateak esan zuen proiektu horrek behar duen laguntza ekonomikoa udalaren eskumena dela, baina hori Urola Kostako Udal Elkarteari lagata dagoela, eta asmoa dela Zumaian hasitakoa zabaltzea: "Proiektua Zumaiako Udalak abiatu zuen, eta une hartan udal elkarteak ez zion harrera oso onik egin, baina gauzak aldatu dira udal elkartean ere, horregatik dago aurkezpen honetan Ion Arozena udal elkarteko lehendakaria, eta uste dut hau dela Zumaian hasi dena ingurura zabaltzeko hasierako etapa. Hori da asmoa". Hutsetik "pixkanaka eraikitzen hasteko unea" dela iritzi zion Ostolazak.