Banatu dituzte Olagarro Eguneko Argazki Rallyko sariak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko aza. 4a, 13:00

Jose Luis Rodriguezentzat izan da lehen saria helduen kategorian. Zumaiar Onenaren saria, berriz, Soraya Lopezek eskuratu du.

Atzo arratsaldean egin zuten Olagarro Eguneko XVII. Argazki Rallyko sari banaketa Oxford aretoan, Distira argazkilari elkartearen eskutik. Antolatzaileek azaldu dutenez,  32 lagunek parte hartu dute helduen mailan aurtengo edizioan, eta horien artean bederatzi zumaiarrak dira. 16 urtetik beherakoen sailean, berriz, bederatzi gaztetxok aurkeztu dituzte lanak Olagarro Eguneko Argazki Rallyra.

Urriaren 9an bildu ziren Marc Mateos, Julia Vazquez eta Koldo Lopetegi epaimahaikideak lan saridunak erabakitzeko, eta atzo jakinarazi zituzten sari banaketa ekitaldian. Hala, lehen saria Jose Luis Rodriguezek jaso zuen; bigarren saria Josebe Iturberentzat izan zen, eta hirugarrena Fernando Morenorentzat. Zumaiar Onenaren saria, berriz, Soraya Lopezek eskuratu zuen.