Elkarlan gunea zabalduko dute bihar Hogarrean

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 1a, 17:00
Alberga elkarteko Miren Osa eta Maddi Uranga, IƱaki Ostolaza alkatearekin eta Asier Arakistain zinegotziarekin. (Zumaiako Udala)

Alberga elkarteak kudeatuko du espazioa eta bihar, ostegunez, emango du horren berri 19:00etatik aurrera egingo den aurkezpen ekitaldian.

Ekonomia soziala eta eraldatzailea bultzatzeko asmoz Gurrutxaga plazako gizarte zentroan (hogarra) egokitutako elkarlan zentro edo guneak bihar zabalduko ditu ateak. Zumaiako. "Elkarte, kooperatiba nahiz proiektu ideia bat duen kolektibo zein norbanakoei zuzendutako gunea" izango da hau, eta Alberga elkarteak kudeatuko du.

Aurreratu dutenez, ekimen honen bidez, bi funtzio nagusi garatu nahi dituzte bertan: "batetik, lan-arloko proiektuak eta ekintzailetza soziala garatzeko coworking erako gune bat izango da, norbanakoentzat zein taldeentzat; eta, bestetik, proiektu kolektibo eta sozialak sustatzeko erreferentziazko gunea" izatea du helburu.

Horretarako hogarreko hiru espazio moldatu dituzte. "Geletako bat, lan egiteko egokitu dute; sarrerako gunea ere izango dute, office moduan erabiltzeko; hirugarren gunea erabilera anitzekoa izango da, bilerak eta formazioak egiteko, besteak beste". Herritarrei harrera egiteko bi egun zehaztu dituztela ere aurreratu dute: asteazkenetan, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara bitartean; eta ostiraletan goizez, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Horren berri emango dute proiektuaren bultzatzaileek bihar bertan, 19:00etatik aurrera, gizarte zentroko lehen solairuan egingo den ekitaldian.

Proiektuan parte hartzeko interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena, harrera ordutegian bertara joanda edo info@alberga.eus posta elektronikoko helbidera idatzita.