Laguntasunari zubiak eraikiz

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 25a, 11:00

Hiru artistak goian, eta arte bitartekaria makurtuta. (Juan Luis Romatet)

Maitasun-ordu bi eta igurtzi zenbait erakusketa kolektiboa zabalduko dute bihar Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan. Harriak programaren barruan antolatu dute mostra.

Hiru artista, erakusketa bat eta sormenaren eta artearen bidez laguntasunari eskainitako aldarria. Ideia horrekin laburbil daiteke bihar hasi eta azaroaren 26ra arte, hilabete luzez, Zumaiako Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan ikusi ahal izango den erakusketa.

Maitasun-ordu bi eta igurtzi zenbait izenarekin, Auritz Iñurrieta eskoriatzarraren, Ander Amuriza eatarraren eta Katza durangarraren lanak biltzen ditu. Mostra Harriak programaren barruan antolatu dutela azaldu du Leire Lakuntza erakusketaren bitartekari artistiko edo komisarioak. "Programa honen helburua da artista berriak edo gazteak biltzea eta herrietan erakusketak egitea. Kasu honetan, hiru artista aukeratu behar nituen beraien obrak Oxford aretoan erakusteko". Horretarako, hainbat artistaren lanak ikusi ditu eta heiei elkarrizketak egiten aritu da Lakuntza. "Horren ondorioz erabaki nuen hiru artista hauen lanak aukeratzea", adierazi du.

Hiru artistek elkarren artean desberdinak diren arte diziplinak jorratzen dituztela azaldu du komisarioak. Praktikak desberdinak izanda ere, badago Lakuntzaren ustez hiru artistak eta haien lanak lotzen dituen ideia bat, eta hori laguntasuna da. "Iñurrietak bere inguruko jendearen erretratuak egiten ditu: familiartekoenak, lagunenak, baita inguruko espazioenak ere. Maitasunaren, laguntasunaren eta beste hainbat gairen inguruan jarduten du bere lanetan".

Iñurrietak, berriz, bi motatako lanak erakutsiko ditu Zumaian. "Batetik, tinta txinatarrarekin egindako enbor antzerakoak izango dira, eta horiekin instalazio moduko pieza bat egingo du". Lan horiek Akira Kurosawa zinemagile japoniarraren Rashomon filmean oinarrituta daudela dio arte bitartekariak. "Bestalde, bideo bat ere egin du. Orain pare bat urte, zaharkitutako frontoi bat aurkitu zuten mendi erdian. Garbitu, margotu eta pilota partida bat jokatu zuten han lagunartean. Hori bideoan jaso zuen, eta orain Zumaian proiektatuko du ikus-entzunezkoa. Horrekin, erakutsiko du laguntasunak zer garrantzia duen bere lanean".

Ikusi baino, entzun egingo da hirugarren artistaren lana. "Katza musikaria da, eta kasu horretan, ikusita aretoa bozgorailuz beteta dagoela, pentsatu nuen polita izango litzatekeela musika edo soinua egotea bertan". Durangarraren musika ez da izango aretoa girotuko duen zerbait bakarrik, pieza hori ere erakusketako parte izango da. "Kontuan hartuta aretoa bi orduz egongo dela irekita, bi orduko musika pieza bat egin du. Giroko soinua grabatu eta musikarekin uztartu du. Hala, leiho bat izango balitz bezala, kaleko autoak eta musika batera entzun ahal izango dira".

Herritarrekin zubi

Musikak ere presentzia izango du bihar, erakusketaren irekieran bertan. Izan ere, Txitxirios de Lamana taldeak kontzertua emango du, eguraldiak laguntzen badu, Kofradiako estalapean (aterpean). "Emanaldi horren bidez, herritarrekin keinu bat izan nahi dugu", nabarmendu du komisarioak.

Erakusketa bisitatuko dutenekin keinu hori izatea garrantzitsua dela uste du arte bitartekariak. "Arte espezializatuan adituak ez direnentzako errazak diren praktika batzuk aurkitzea garrantzitsua zen niretzako. Bisita gidatuak eman ditut, eta ikusi dut arte mota batzuekin zailagoa dela jendearengana gerturatzea. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait zubi bat egitea artean espezializatua ez den jendearekin. Hiru artista hauen lana ez da arrotza edo hermetikoa, nahiko irekia da, eta hori gustuko dut".

Erakusketa zabalik izango da egunero 18:00etatik 20:00etara; asteburuetan eguerdietan ere irekiko ditu ateak, 12:30etik 14:00etara.