Angel Fernandezek irabazi du Iñaki Espillaren oroimenezkoa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 15a, 16:00

81 lagunek hartu dute parte Anadek antolatutako jaurtiketako arrantza lehiaketaren 69. edizioa eta Pasai Donibaneko Izkiro elkarteko arrantzaleak pilatu ditu gramo gehien lau pieza harrapatuta. Zumaiar onena Iker Etxeberria izan da.

Pasai Donibaneko Izkiro elkarteko Angel Fernandezek irabazi du gaur goizean jokatu duten Iñaki Espillaren oroimenezkoa, jaurtiketako arrantza lehiaketa. Anade elkarteak antolatu du txapelketa eta 69. edizioa izan da aurtengoa. Orotara, 81 arrantzale aritu dira herriko hainbat eremutan banatuta: Arranplatik Paol muturrera aritu dira gehienak, baina Inpernupen edota Orroaga inguruan kokatu direnak ere izan dira.

Esan bezala, Fernandez izan da onena, bi kilotik gora biltzea lortu duen arrantzale bakarra izan baita. 2.341 gramo pilatu ditu orotara lau pieza arrantzatuta. Bigarren Iker Brea sailkatua da, Mons elkartekoa eta 1.946 gramo pilatu ditu. Anadeko Iker Etxeberriak itxi du podiuma 1.675 gramorekin, eta, bera izan da hain justu zumaiarrik onena. 

Nolanahi ere, sari gehiago ere izan dira, piezarik onena, esaterako, Jose Maria Larrañagak arrantzatu du: 1,08 kiloko akerra. Emakumezko onena, berriz, Ana Belen Mesa zumaiarra izan da 1.112 gramorekin. Hirugarren zumaiar onenaren saria ere jaso du, gainera, eta zazpigarrena izan da sailkapen orokorrean. Beterano onena La Zurriola elkarteko Angel Arriaga izan da eta talde onenaren saria Izkirok irabazi du.