Ilusioz eta gogo handiz eraikitako proiektuaren hasiera

Intza Trula 2023ko urr. 10a, 13:00
Argazkiak: IƱaki Agirrezabalaga.

Besteen ekaitza diskoa estreinatu zuen Bikabi Zumaiako taldeak abuztuaren lehenengo astean. Halaber, Zumaiako Kuadrilla Egunean eskaini zuten lehen kontzertua, lagunen eta etxekoen berotasunean, Dardara Fest jaialdian. Iraileko BALEIKE aldizkarirako idatzitako artikulua da honakoa.

Manu Aizpuruak (Zumaia, 1998), Unai Linazasorok (Zumaia, 1997), Alberto Hidalgok (Zumaia, 1996) eta Iñigo Gonzalezek (Zumaia, 1996) osatzen dute Bikabi laukotea; rock doinuak ditu oinarri talde hasiberri horrek, nahiz eta argitaratu berri duten bildumak estilo ezberdinak nahasten dituzten abestiak izan.

Gonzalez eta Linazasoro izan ziren taldea sortzeko lehen pausoak eman zituzten kideak: "Unaik eta nik beste talde bat sortzeko saiakera egin genuen lehenago, baina proiektua ez zen aurrera atera. Zerbait serioa egiteko gogoarekin geratu ginen, eta segituan hasi ginen berriz ere gaiari bueltak ematen", azaldu du Gonzalezek. Ez zuten denbora askorik behar izan Aizpuruarekin eta Hidalgorekin hitz egin eta euren asmoa plazaratzeko, ezta haien oniritzia jasotzeko ere: "Ez genuen bi aldiz pentsatu, eta segituan elkartu ginen lehen entsegua egiteko", aipatu du Aizpuruak. Gainera, hasieratik lortu zuen taldeak elkar ulertzea.

Duela urtebete baino zertxobait lehenago hasi zen guztia. Esan beharra dago –eta taldekideek horrela argitu dute– ezagunak zirela lau gazteak aspalditik; zumaiarrak dira laurak, eta beste musika talde batzuetan parte hartutakoak ere bai. Horrez gain, Zumaiako San Telmo jaietan hain ezaguna den Bertsio Gauean parte hartu izan dute, nahiz eta nork bere aldetik izan. 

Musika talde bat sortu ez duenak ere ongi daki horrelako proiektu baten atzean zenbaterainoko lana egon daitekeen, eta protagonistek argitu dute "gogoa, ilusioa eta fundamentua" izan direla proiektua aurrera eramateko giltza. Halaber, hilabete hauetan, nork bere aldetik jardun du lanean, diskoaren sorkuntzan: "Lauron artean elkarlanerako balantza polita sortu dugu", dio Gonzalezek. 

Horrez gainera, laukotearen esanetan, "gustu eta interes ezberdinetako" lau pertsona elkartu dira bidaia honetan, eta guztia ondo joateko "albokoari entzutea eta proiektuan sinestea" behar-beharrezkotzat jo ditu Aizpuruak.

Bada, errealitatean, gogoaz eta ilusioaz gain, zertxobait gehiago ere behar izan da Bikabi aurrera ateratzeko: talde lana, hain zuzen ere. Horretan ere ondo moldatu dira gazteak; abestiak sortzearen kontua Aizpuruak hobeto kontrolatzen duela eta diseinu kontuez normalean Gonzalez arduratzen dela aipatu du Hidalgok, eta taldeak funtzionatzeko gakoa horretan dagoela iritzi du: "Norberak ahal duen horretan lagundu du, eta lauron arteko lanarekin proiektua aurrera ateratzea zen helburua. Etxean ere lan asko egiten dugu, ez entseguetan bakarrik".

2022ko irailean hasi zen laukotea elkartzen, eta ordutik etenik gabe jardun dute abestiak sortzen; alde batetik eta bestetik hartu dute inspirazioa, azaldu nahi zuten hura abestietan ahalik eta ondoen plazaratzeko. 

Halaber, Linazasorok azaldu du taldeak gauza bat argi izan duela elkartzen hasi ziren unetik: kontzertuak ematen hasi aurretik, abesti propioak sortu eta grabatzea nahi genuen, eta jarduna ez mugatzea bertsioak egitera soilik. Helburua betetzeko, "hilabeteak kantak sortu eta sortu" eman zituztela aipatu du Linazasorok, "ahalik eta azkarren grabaketari ekiteko". 

Garrantzitsua da, era berean, sortutako abestiak ekoizteko estudioaren aukeraketa, eta Bikabi taldeak argi izan zuen hasieratik Jurgi Taboadaren Ozen estudioan egingo zuela hori. Taboada dago Zumaiako musika munduko lan gehienen atzean, eta ezkutuko protagonista horren agenda beteak Bikabiren sorkuntza denboran ere izan du eragina: "Sei kantak amaitzen ari ginela, Taboadarekin kontaktuan jarri ginen grabaketarako hitzordua hartzeko, eta bere agenda ikusi genuenean, konturatu ginen uda hasi aurretik grabatzen ez bagenuen, urrira arte itxaron beharko genuela", adierazi du Gonzalezek. Protagonistek argi zuten udan lehen diskoa grabatuta eta argitaratzeko prest izan nahi zutela, eta, beraz, "pilak jartzea" besterik ez zitzaien geratu zumaiarrei. Diskoa grabatzeko zeukaten denbora murritza eta horrek eskatzen zuen lana kontuan izanda, Taboadak egindako lana eta esfortzua eskertu eta azpimarratu nahi izan dituzte taldekideek.

Hori horrela izanik, eta behin Taboadarekin hitzartu ondoren, uztaileko azken asteak Ozen estudioan sartuta eman zituzten, Besteen ekaitza diskoaren grabaketa lanetan. "Oso erraza izan zen guztia. Taboada makina hutsa da, eta oso profesionala bere lanean", azpimarratu du Aizpuruak.

Denbora luzearen ondoren, saria

Lan orok dakar bere saria, eta urtebeteko lanaren ondoren iritsi zitzaien Bikabiko protagonistei eurena. Abuztuaren hasieran iritsi zitzaien disko osoa jendaurrean aurkezteko unea, eta beso zabalik hartu zuten lagunek eta ingurukoek berria: "Lehen singlea kaleratu bezain laster, jende mordoak partekatu zuen abestia sareetan, eta hori ere oso pozgarria da guretzat", Hidalgok azaldu duenez. Halaber, beren musika estiloa kontsumitu ohi ez duen jendeak ere positiboki baloratu du abestia, eta Aizpuruaren ustez, "horrek ere badu bere meritua". 

Hala eta guztiz, estilo ezberdinak barnebiltzen dituen diskoa sortu dutela aipatu du Linazasorok: "Zaila da estiloaren kontua definitzea. Rock doinuetan oinarrituta daude kantak, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu; batzuk ilunagoak eta gogorragoak dira, beste batzuk, berriz, lasaiagoak eta argiagoak". Publiko zabalak gozatzeko moduko abestiak sortu ditu laukoteak.

Itzaltzen singlea izan zen taldeak aurkezpen modura kaleratu zuen lehen abestia, eta gaur egungo sistemari eta gizarteari egiten dio erreferentzia, Aizpuruak azaldu duenez: "Gaur egungo sistema honetan oso eroso bizi den pertsona bati hitz egiten dio abestiak, 'ez urrundu' 'zintzo egon', diote hitzek. Gero datorren zatiak, berriz, sistema horretatik alde egiteko deia egiten du nolabait. Errebeldia puntua dauka bigarren zati horrek".

Behin diskoa kaleratuta, orain kontzertuak eskaintzean jarri nahi du fokua Bikabi taldeak. Jendartean ezagutzeko, publikoak disfrutatzeko eta momentu on bat pasatzeko unea iritsi dela iritzi dute: "Orain, denbora batez, ez dugu abesti gehiago sortuko. Daukagunarekin kontzertuak ematen hasi nahi dugu, eta horren ondoren jarraituko dugu gauza berriak sortzen. Ahalik eta kontzertu gehien eman nahi ditugu berriz ere proiektu berri bati heldu aurretik", dio Linazasorok. Laukoteak ez du oraindik hitzordurik itxita; hala eta guztiz ere, badituzte buruan hainbat jaialdi eta festa.

Dardara Fest jaialdian eskaini zuen lehen kontzertua Bikabi taldeak, uda giroan, etxekoen eta lagunen artean. "Amestutako estreinaldia" izan zen, kontzertuz betetako ibilbide luze baten aurrean lehenengoa.