Urte amaiera bitartean sei antzezlan taularatuko dira Aita Marin

Andrea Zipitria 2023ko urr. 5a, 17:30

Haur zein helduei zuzendutako antzerki sorta izango da udazken honetan, Aita Mari aretoan. Sarrerak turismo bulegoan edo sarrerakzumaia.eus webgunean erosi ahal izango dira aurrez, eta, Aita Mari antzokiko leihatilan egunean bertan.

Zumaiako Udalak dagoeneko eman du jakitera udazken honetan Aita Mari antzokiko oholtzara igoko diren antzezlanen berri. Guztira, sei izango dira urte bukaera arte eskainiko dituzten ikuskizunak; hiru helduei zuzendutakoak, eta, beste hiru haurrentzat bereziki sortutakoak.

Ohi bezala, sarrerak turismo bulegoan edo sarrerakzumaia.eus webgunean erosi ahal izango dira aurrez, eta, Aita Mari antzokiko leihatilan egunean bertan. Hona hemen egitaraua osorik:

Helduentzako antzerkia:

  • Urriak 20. Familia sarekada. Etxean lasai afaltzen ari den familia batek Delitu Informatikoen Unitatearen (DIU) sarekada bat jasaten du, susmoa baitago familiako norbaitek porno domestikoko sare bat daukala. Komedia katartikoa da hau, Interneteko pribatutasuna esesten eta eraisten ari diren garaiotan.
  • Azaroak 10. Ez naiz inoiz Dublinen egon. Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin. Denak daude desiratzen irlandarra ezagutzeko, baina inork ez du espero Cindy pertsonai ikusezin bat izatea, familia honen oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat.
  • Abenduak 15. Kanpora sartzen. 2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabin eta birusaren arteko harremanaz hitz egiteko garaia iritsi da. Lanak birusarekin izandako elkarbizitza eta azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuko ditu. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, errua, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan?

Haur antzerkia:

  • Urriak 22. Bidai on, amona Braulia!. Musikal estiloko antzezlan honetan musika modernoaren historia ezagutzeko aukera izango dute haurrek, duela 100 urte baino gehixeago New Orleanseko estiloaren garaitik hasi eta 50eko hamarkadako Bebop generora arte. Sarahk bere amonaren egunerokoa irakurriko die, Estatu Batuetara bidaiatu zuen bateria-jotzaile batena, eta hark bizi izan zituen pasadizoak kontatuko ditu, musikaren historiako une errealak birsortuz eta bandarekin modu didaktiko eta dibertigarrian irudikatuz.
  • Azaroak 12. Andereño. Andereñoa ausarta, trebea eta atsegina da. Haurren gaitasunetan sinesten du, guztien gaitasunetan. Irakasleak gehien maite duen hitza askatasuna da, eta, beraz, bere klasea askatasunez haztea nahi du. Zoritxarrez, nagusiek gerra hasiko dute, eta, horren ondorioz, gure protagonistek atzean utzi beharko dute amestutako eskola, maitasunetik eta elkarren zaintzatik eraikitako eskola.
  • Abenduak 28. Tomaxen abenturak: Misterioa ikasgelan. Larunbat goizean, Tomax eta Muxi ikasgelan geratu dira, bertan oso gauza arraroak gertatzen ari direlako. Armairuak bakarrik mugitzen dira, armiarma erraldoiak agertzen, telefono dei harrigarriak. Dena da misterioa. Umorea, majia, kantak eta dantzak nahastuko dira ikuskizun dibertigarri honetan.