90 neurri zehatzek osatuko dute 2023-2027 legealdiko Gobernu Plana

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 5a, 12:00

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Argi Yeregi alkateordeak eman dituzte azalpenak 30 bat herritarren aurrean eta azken hauek galderak egiteko aukera ere izan dute. Hainbat epetan banatu dituzte aurrera eramango dituzten ekintzak. 

Zumaiako Udalak 2023-2027 legealdiko Gobernu Planean jaso dituten 90 neurriak aurkeztu zituen atzo Alondegiko Oxford aretoan bildutako 30 bat herritarren aurrean. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Argi Yeregi alkateordea arduratu ziren azalpenak emateaz, eta herritarrek beraien galderak egiteko aukera ere eduki zuten. 

Iñaki Ostolaza izan zen lehenengoa hitza hartzen; eta bere esanetan, Gobernu Plana "aurrekoaren jarraipena" izango da. Oinarriak jarri ondoren egingo dituzten aurrerapausoekin osatuko dute; izan ere, gogoratu zuenez, orain dela lauzpabost urte, amestutako Zumaia nolakoa izango zen finkatu behar izan zuten, eta orain, proiektu horrekin jarraitzea da asmoa. Ostolazak "atsegin duen iparrorratz" moduan definitu zuen Gobernu Plana: "Guk proposamen batzuk adierazten ditugu planean, baina egia da legealdian zehar beste zeregin asko iristen zaizkigula, eta horregatik gida bezala oso lagungarria da. Gainera, herritarrek baloratu dezakete zenbat puntu betetzeko gai izan garen". 

Ondoren, Argi Yeregik Zumaiako Udalaren logoari buruzko azalpenak eman zituen, hain zuzen, Z hizkia osatzen duten hiru koloreena: gorria, berdea eta morea. Gorria bizigarritasunarekin lotu zuen Yeregik, "Zumaia edozeinentzat bizitzeko moduko herria bihurtzeko, besteak beste, etxebizitza politika edo lan baldintza duinekin". Oinarria bermatuta, kolore berdeari eutsi zion alkateordeak: "Kolore berdea garapen pertsonal eta sozialarekin parekatzen dugu, herri hezitzaile batekin, eta horretarako bizitzak aberastuko dituen jarduerak eskaini behar ditugu herrian". Morea, bukatzeko, egiteko modua dela azaldu zuen Yeregik, beste bi koloreak zeharkatzen dituena. Beraiek "feminismotik eta parte hartze eta entzumen aktibotik lan egiteko modua" defendatzen dutela gaineratu zuen. 

90 ekintzak, epetan banatuta

Aipatutako ideia guztiak zehaztasunera ekarrita, 90 ekintzaz osatutako Gobernu Plana zehaztu du Zumaiako Udalak, esan bezala, eta horien inguruko xehetasunak ere eman zituzten atzo Ostolazak eta Yeregik, epetan banatuta: epe luzekoak, ertainekoak eta motzekoak.

Epe luzekoei edo estrategikoei dagokionez, etxebizitza politikak, mugikortasunari dagozkionak, demografiari buruzkoak eta energia arlokoak aipatu zituzten: etxebizitza huts eta turistikoen kudeaketa, Puntanoeta-Aita Mari eremuko etxebizitzak edo Mugikortasun Planaren garapena, beste batzuen artean. Horien fruituak, dena den, hurrengo legealditan jasoko dituztela azaldu zuten. 

Epe ertainekoei dagokionez, aldiz, beste batzuen artean, hurrengoak aipatu zituzten: Komentuko Kultur Topagunea, Beheko plaza inguruko estalpe berria eta Erkiberen lorategia plazarekin lotzea, kiroldegiko berritze lanen hasierako faseekin ekitea edo haurrentzako Mariantonen parke estali berria egitea. Horiei dagokionez, aipatu zuten legealdi honetan martxan jarriko dituztela. Epe motzekoak "ateratzen joaten diren horiek" direla azaldu zuen alkateak: haur parkeak txukundu, kaleetan sortzen diren zulotxoak konpondu... Askotan, bizilagunen aldetik izaten dute hobetu beharreko ekintza horien berri, eta horren harira zera gehitu zuten: "Udaletxeko ateak denentzat daude irekita, eta hobetu beharreko puntu guztiak hartuko ditugu kontutan. Guk bizitzeko moduko Zumaia egin nahi dugu, eta horretan jarraituko dugu lanean legealdi honetan ere", gehitu zuten. 90 neurri zehatz horiek lotura honetan kontsultatu daitezke