"Obra hauek berreskuratuta, falta direnak aurkitzea da orain borroka"

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 4a, 11:17
Iruñeko Geltoki kulturgunean egin zuten berreskuratutako lanen aurkezpena. (Ander Hormazuri)

Artezki izeneko erakusketa antolatu zuten 2003. urtean Itoizko urtegiaren aurkako ekintzen artean. Euskal Herriko 31 artistaren lanak erakutsi zituzten bertan. Obra horiek hogei urtez desagertuta egon dira. Horietatik hamalau berreskuratu dituzte. Baina non daude besteak?

Itoizko urtegiaren aurkako mugimendu zabala izan zen XXI. mende hasieran Euskal Herri mailan. "Garai hartan asko jarraitu nuen [Itoitzekiko] Solidarioen borroka. Ekintza mordoa egin zuten, originalak eta bortizkeriarik gabekoak. Oso borroka aktiboa izan zen", du gogoan Ander Hormazuri artista zumaiarrak. Ekintza horien artean, Artezki izena izango zuen erakusketa batean parte hartzeko deialdia egin zuten Solidarioek. 31 artistak eman zituzten beraien lanak eta horien artean izan zen Hormazuri, garai hartan Zumaian bizi ziren beste hiru artistarekin batera. Hala nola, Barbara Stammel, Keixeta eta Iñaki Olazabal. 

"Garai hartan normala zen halako deialdiak egitea", dio Hormazurik. Itoizen aurkako erakusketa honek bazuen, baina, berezitasun bat eta zen Artozkiko (Nafarroa) elizan erakutsiko ziren lan haiek bertan geratuko zirela, ur azpian, behin urtegia beteko zenean. "Sinbolikoki erakutsiko zen kapazak zirela artean ere zanpatzeko", gaineratu du artista zumaiarrak. "Ez zituzten artelanak bueltatuko, ezta salduko ere; bertan geratuko ziren. Ordutik ez dugu ezer jakin, orain arte".

Pasa den astelehenean 2003ko erakusketa hartan parte hartu zuten 14 artelan erakutsi zituzten Itoizko Solidarioek eta Itoizko urtegiak mehatxatutako herritarren batzarrak Iruñeko Geltoki kulturgunean egindako ekitaldian. Artelanen egileak beraiek ere izan ziren aurkezpen ekitaldian. "[Solidarioak] guregana etorri ziren azaltzera obra batzuk azaldu direla eta beste batzuk ez. Esan ziguten Solidarioak atxilotu zituztenean ikusi zutela obra horiek sartzen komisaldegian. Guk ez genekien ezer", dio Hormazurik. Bere lanaz gain, Iñaki Olazabalen eta Keixetaren artelanak ere berreskuratu dituzte, baina Barbara Stammelena ez. Zumetaren eta Gorritiren obrak ere berreskuratu dituzte, esaterako. "Obra batzuen egileak ez ditugu identifikatu", argitu du zumaiarrak.

Hamalau artelan aurkitu dituzte, baina, non daude beste hamazazpiak? Hormazuriren esanetan, orain borroka da jakitea beste obrekin zer gertatu den. "Zer egin zuen Nafarroako Gobernuak obra horiekin? Zer bulegotan daude? Borroka horretan sartu gara orain".

Artezki erakusketarako eman eta orain berreskuratu dituzten lan hauek Iruñeko Geltoki kulturgunean erakutsiko dituzte urriaren 10era arte, eta 20tik aurrera Agoitzen ikusi ahal izango dira. Urtegiak suntsitutako ibar eta herrien memoria gordetzeko memoria museoa sortzeko proiektua ere esku artean dutela azaldu zuten asteleheneko ekitaldian.