Egun borobila dute gaur Artadin

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 30a, 16:00

Haurrentzako jolasak eta apar festa, jubilatuen bazkaria, sagardo dastaketa eta bertso afaria... Bada zer gozatua gaur Artadi auzoan, eta joko kuriosoa ere jarri dute: frontoiko sabaitik urdaiazpikoa zintzilikatu dute, eta zer alturatara dagoen asmatu behar dute parte hartzaileek. Gazta baten pisua ere asmatu behar da. Bertso afarian, bertsolariek emango dituzte erantzun zuzenak.

Urtero bezala, familia mordoxkak aprobetxatu ditu Artadiko San Migel jaiak herrigunetik auzora txangoa egiteko oinez. Haurrentzako jolasak eta puzgarriak aurkitu dituzte han, gainera, eta eguraldia lagun, herritar dezente bildu da eguerdirako.

Lokotx biltzen, sokatiran... aritu dira batzuk, txikienak gurasoekin batera, baina puzgarriek izan dute arrakasta gehien haur eta gaztetxoen artean. Helduek mokadua hartu dute lasai txosnan nahiz auzoko tabernan, eta bazkalaurretik Izer eta Alabier trikitilarien doinuez ere gozatu ahal izan dute.

Altuera eta pisua asmatzeko jokoa

Joko kuriosoa ere martxan da auzoan: euro bat ordainduta, herritarrek asmatzeko aukera dute frontoiko sabaitik zintzilikatuta dagoen urdaiazpikoa zer alturatara dagoen, eta txosnako barra gainean dagoen Idiazabal gazta ederrak zenbat pisatzen duen. "Bi kasuetan, ezin da pasatu; gehien gerturatzen denak irabaziko du", azpimarratu dute auzo elkarteko kideek.

Erantzuna gauean jakingo da, eta hori ere modu kuriosoan egingo dute: bertsolariek abestuko dituzte, izan ere, zenbaki zehatzak.

Hortaz, jokoan parte hartu nahi duenak baditu oraindik horretarako ordu batzuk –txosnako barra gainean dago jokoan parte hartzeko ontzia–.

Gainera, arratsalde-iluntze parterako ere ez da ekintzarik faltako Artadin, egitarauan jaso dutenez:

  • 14:00. Jubilatuen bazkaria.
  • 16:30. Puzgarriak eta apar festa.
  • 19:00. Sagardo dastaketa. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
  • 21:00. Bertso afaria. Bertsolariak: Iker Zubeldia eta Maialen Lujanbio. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
  • Ondoren, jai amaierako txupinazoa.