Inprobisaziotik sortutako lana

Intza Trula 2023ko ira. 29a, 09:04

'Laiotz' filmaren irudia. (Cornelius films)

Gaur arratsaldean Zumaiako Aita Mari aretoan eskainiko dute ‘Laiotz’ film laburra. Amaitzean, partaideek eta Jon Maiak solasaldia egiteko baliatuko dute tartea.

Sambou Diaby eta Ekain Albite zumaiarrak eta Mikel Ibarguren zestoarra dira Laiotz film laburra osatu duten lantaldeko hiru: Diabyk eta Ibargurenek aktore lanak egin dituzte; Albitek, berriz, zuzendari lanetan jardun du. Bi lagunen arteko istorioa kontatzen du Negu Kolektiboak zuzendutako lanak, eta gaur eskainiko dute ikus-entzunezkoa zumaiarren aurrean, Aita Mari aretoan, 19:00etan. Jarraian, solasaldia egingo dute, Jon Maiak lagunduta.

Sambou Diabyk (Zumaia, 1999) azaldu duenez, pandemia aurreko garaietara egin behar da salto Laiotz film laburraren sorrera azaltzeko. Aspaldiko lagunak dira Albite eta Diaby, eta duela hiru urte elkarlanean proiektu bat aurrera ateratzeko ideiari forma ematen hasi ziren: "Bakoitzaren bizitzako egoeraz hitz egiten hasi ginen egun batean, ea nola sentitzen ginen eta zein momentutan geunden", kontatu du Diabyk. Ideiak batzen joan ziren pixkanaka, eta hortik sortu zen Laiotz proiektua: Aritzen eta Sambouren laguntasun istorioa oinarri duen film laburra. Gainera, aktoreak onartu du Sambou pertsonaiak baduela benetako Sambouren antza: "Nire esperientzia eta bizipenetatik sortutako pertsonaia dela esan dezakegu. Nik ere izan ditut joan-etorriak, protagonistak bezala".

Diabyk azaldu duenez, "inprobisaziotik" sortutako lan bat ikusiko dute gaur arratsaldean Zumaiako zinema aretora bertaratzen direnek; izan ere, gidoi zehatzik ez zutela onartu du aktoreak, eta eszenak "momentuan bertan" eraikitzen joan zirela dio: "Egin nahi genuenaren ideia bakarrik geneukan buruan, ezer itxirik ez, eta hortik tiraka joan ginen". Zumaian eta Zestoan grabatu dituzte irudi guztiak.

Betiko lagunen artean

Negu Kolektiboak zuzendu du lana, eta tartean, Ekain Albite aritu da zuzendaritza lanetan. Hurbileko lagun batekin lan egin duen lehen aldia izan du Diabyk, eta gaur arte antzerako esperientziarik ez duela bizi izan aitortu du: "Bizitzan egin dudan gauzarik politena izan da, inolako zalantzarik gabe". Era berean, esperientzia errepikatzeko gogoz azaldu da, "baina film luze batekin". Grabaketa osoan bidelagun izan duen Ibargurenen profesionaltasuna ere azpimarratu du: "Asko gustatu zait harekin lan egitea. Oso aktore ona da, eta oso aberasgarria izan da niretzat bere alboan egotea".

Ez da lana jendaurrean aurkeztuko duten lehen aldia, Bartzelonako D’A Film jaialdirako hautatua izan baitzen: "Ikusleek ulertuko ote zuten beldur ginen, baina asko gustatu zitzaien". Hori bai, gaurko "oso urduri eta gogotsu" daudela aitortu du Dyabik, bai bera, bai besteak.