38 talde atera dira kuadrillen arteko batel estropadan

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 23a, 15:30

Jendetza juntatu da goiz partean Gernika pasealekuan. Izan ere, errioan kuadrillen arteko batel estropadak jokatu dituzte 38 taldek. Anxuak eta Kalamidi 2 taldeak izan dira guztietan bizkorrenak. Haurrentzako jolasak ere izan dira. Hona hemen Imanol Manterolaren argazki bilduma. 

Olagarro Egunarekin batera, palak hartu eta arraunean aritzeko beta izaten dute urtean behin Zumaiako hainbat kuadrillek. Zenbait astez entrenatzen aritu ondoren, batelak erriora atera eta kuadrillen arteko batel estropada jokatu dute gaurkoan. Eguraldiak ateri eutsi du, eta bete egin da Gernika pasealeku ingurua. 

Lehiak alde batera utzi, eta kirola eginez adiskidetasunaz gozatzeko aitzakia ezin hobea izan dute zumaiarrek, dozenaka lagun begira zituztelarik. Dena den, izango da saririk gaurko estropadaren ondoren: Anxuak eta Kalamidi 2 taldeak izan dira bizkorrenak, eta talde horiek jasoko dute 19:30ean Olagarro Eguneko XV. Bandera, Kofradian. Aipatzekoa da parte hartzea: 38 talde aritu dira arraunean nor baino nor. Batel bakoitzean lau lagun joan direla kontuan izanda, guztira, 152 lagun.