Goizean goizetik olagarro usainak hartu ditu herriko txokoak

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 23a, 14:41

Olagarroa zopan nahiz brotxetatan banatu dute goizean herrian zehar jarritako postuetan. Goiztiarrenek Erribera kalean ezarritako elikagaien azoka bisitatu dute, eta herriko kaleak bete dira gero, eguerdi partean.

Gastronomiaren festa lehertu da Zumaian. Goizean goizetik izan da mugimendua herrian, izan ere, Beheko plazako bazkari herrikoia prestatzeko suak nahiz jakiak eta herrian zehar barreiatutako postuak ezartzen aritu dira lehen orduan. Olagarroa brotxetan eta zopan dastatu ahal izan dute zumaiarrek, eta sukaldaritza erakustaldian bestelako errezetak ere erakutsi dituzte. 

Herriko txistularien erritmora dantzan atera dira Astinduko kideak eguerdi partean, eta ordurako kaleak betetzen hasiak ziren. Jendetza elkartu da Beheko plaza inguruan, Erriberan eta Amaia plazan, eta bazkarirako tartea egin dute orain. Bazkari herrikoian, hain zuzen, 650 pertsonak dastatuko dute aurtengoan olagarroa patatekin eta olagarro paella. Arratsaldean jarraituko du festa giroak.