Telmo Deunek ez du lortu Euskotren ligako txartela

Mireia Galarza Bastida 2023ko ira. 17a, 10:20

Igoera lortu ez badu ere, atzoko hirugarren postua hobetu du Telmo Deunek. Hibaika baino lau segundu geroago, bigarren sailkatu da Zumaiako trainerua, 10:49.56 denbora eginda.

Gaur jokatu dute Portugaleten Zumaiako neskek traineruaren etorkizuna erabakitzeko azken estropada. Gogoz saiatu diren arren, ordea, ez dute lortu mailaz igotzea, eta hurrengo urtean ere ETE ligan ariko dira.

Dena den, atzoko hirugarren postua hobetu du Telmo Deunek. Hibaika baino lau segundu geroago, bigarren sailkatu da Zumaiako trainerua, 10:49.56ko denbora lortuta. ETE ligan aurkari zuzena izan duen Kaikuri bi segundu pasatxo kendu dizkio Telmo Deunek. Horrenbestez, bi estropadetako denborak kontuan hartuta, bigarren geratu da Zumaiako trainerua, 21:44ko denborarekin. Hibaikak 21:36.92ko denbora lortu du, eta Kaikuk 21:45.44.

Aintzane Urbietak estropada amaitu berritan azaldu duenaren arabera, "pozik" geratu dira Kaikuren aurretik egin dutelako, eta zera gaineratu du: "Irabaztera etorri gara, baina gure lana oso ondo egin dugu, eta asko disfrutatzea lortu dugu".