Zale leialenek ez dute hutsik egin gaurkoan

Onintza Lete Arrieta-Maialen Etxaniz 2023ko ira. 10a, 17:09

Goizean goizetik Zumaia, Orio eta Getariako koloreak nabarmendu dira  Donostiako badia inguruetan. Zaleak nonahi, eta txaranga jendetsua izan dira arranplan, eta deskantsurik hartu gabe animatu dute herriko trainerua.

Kontxako Banderarik gabe itzuli dira Telmo Deuneko arraunlariak Zumaiara, baina gustura egoteko moduan dira egindako denboraldi bikaina ikusi ondoren. Telmo Deunen jarraitzaile leialenak bertaratu dira gaurkoan Donostiara, herriko traineruari euren animoak eta berotasuna transmititzeko asmoz. 

10:00etarako tokia hartuta zuten zale askok, herriko trainerua azaltzen zenerako prest, eta bertatik igaro direnean harrera beroa egin diete guztiei.