Azken bigarren postuan sailkatu da azkenik Telmo Deun Kontxako Banderan

Intza Trula 2023ko ira. 10a, 12:03

Zumaiako Arraunlariak Donostiako kaian. (Onintza Lete Arrieta)

Lehenengo txandan lehiatu dira Telmo Deuneko arraunlariak Kontxako Banderan, Hondarribia, Ibaika eta Kaikurekin batera. Hondarribia izan da txandako garailea baina, bandera ohorezko txandan lehiatu den Arraun Lagunak traineruarentzat izan da.

Lan bikaina egin dute denboraldi honetan zumaiarrek, eta Kontxako Banderan lehiatzeko aukera sari handia izan da beraientzat. Aurreko astean lortutako emaitzen ondoren lehenengo txandan irten dira Telmo Deuneko arraunlariak, Hondarribia, Hibaika eta Kaikurekin batera.

Kaiku eta Hondarribiak lehia bizia izan dute hasiera-hasieratik, eta, baita, Zumaiak eta Hibaikak ere. Hondarribiako traineruak lan ona egin du irteeratik, eta ziabogaren ostean gainontzeko taldeei aurrea hartu eta haiekiko zuen tartea handitzea lortu du. 

Hori horrela, Hondarribia izan da lehenengo txandako garailea, baina horrek ez dio Kontxako Bandera eskuratzeko balio izan. Hondarribiaren atzetik heldu dira Hibaika eta Kaiku; azkena izan da, bestetik, Zumaia. 

Orio, berriz, ohorezko txandan lehiatu da, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldearekin batera. Hasiera ona izan dute emakumeek estropadan, baina une batetik bestera Arraun Lagunak taldeak hartu du aurrea, eta Orio eta Donostiarra atzean utzi ditu.

Ziabogaren ondoren Arraun Lagunak denbora tartea handitzen joan da; azkenean lehenengo helmugaratzea lortu dute eta, beraz, bandera etxean geratu da gaurkoan. Bigarren helmugaratu dira Donostiarrak, hirugarren Orio, eta, azkenik, Tolosaldea.

Sailkapen nagusia:

  1. Arraun Lagunak: 21:01.14
  2. Donostiarra: 21:10.50
  3. Orio: 21:19.22
  4. Tolosaldea: 21:22.14
  5. Hondarribia: 21:54.80
  6. Hibaika: 21:55.88
  7. Zumaia: 22:07.10
  8. Kaiku: 22:15.16