Lehenengo kaletik lehiatuko da Telmo Deunen trainerua Kontxan

Intza Trula 2023ko ira. 10a, 10:14

Telmo Deuneko arraunlariak pasa den asteko Kontxako sailkapena ospatzen. (Utzitakoa)

Iritsi da arraun denboraldiko hitzordurik garrantzitsuena: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia. Telmo Deuneko emakumeak lehenengo txandan irtengo dira eta bertan lehenengo kalea egokitu zaie; Oriokoak, berriz, ohorezko txandan jokatuko dute, eta bigarren kalea da egokitu zaiena. 

Egun handia da gaurkoa arraunlarientzat, Kontxako Bandera eskuratzeko lehia izango dute gaurkoan Donostian. Telmo Deuneko emakumeen trainerua izango da lehena uretaratzen; lehenengo txandan jokatuko dute zumaiarrek, lehenengo kaletik. Oriotarrak, berriz, ohorezko txandan egingo dute arraunean, bigarren kaletik.

Alde batetik, emakumeek 11:00etan emango diote hasiera estropadari. Lehen txandan ariko dira Hibaika, Hondarribia, Zumaia eta Kaiku, eta ohorezko txandan, berriz, Tolosaldea –aurreneko jardunaldiko irabazlea–, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Orio.

Bestetik, gizonezkoen txanda 12:00etan iritsiko da: Getaria, Ondarroa, Zierbena eta Cabo arituko dira lehen txandan, eta ohorezko txandan lehiatuko dira Orio, Hondarribia, Urdaibai –aurreneko jardunaldiko irabazlea– eta Donostiarra.