Kontseilu Sozialistak ikasmateriala bilduko du ikastetxeetan

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 5a, 12:30

"Bizitzearen etengabeko garestitzearen" testuinguruan, "pobreziari aurre egiteko dinamikak" abiatzea beharrezkotzat jo du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Ikastetxeetan egingo dute bilketa hilaren 14 eta 15ean, eta Etxapen banatuko dute gero bildutakoa, 18an. 

Ikasturte hasierarekin batera, ikasmateriala biltzeko kanpaina jarri du martxan Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Zumaiako ikastetxeetan jarriko dituzte bilketa puntuak irailaren 14 eta 15ean, eta bildutako materiala banatuko dute gero, Etxapen, 18an.

Izan ere, halako dinamikak beharrezkotzat jo dituzte, soldatak jaistearekin batera, oinarrizko produktuen prezioaren igoerak "egoera biziki larrian" utzi baititu langileak. Eskola-materialaren prezioa % 8 inguru igo da 2021. urtetik, emandako datuen arabera, eta igoera horrek familien % 70ari "nabarmen" eragingo diela azaldu dute. Ondorioz, familien hiru laurdenek ikasmaterial berria erosteari alternatiba bilatu beharko diotela azaldu dute, horien artean, bigarren eskuko materiala. 

Ekoizpen eredu kapitalista gainditzeko prozesuari lotutako beste ekimen bat da ikasmaterial bilketarena, Kontseilu Sozialistaren oharraren arabera. Adierazi dute langileen antolakuntza indartzea xede dutela abiatzen dituzten dinamikek, "gizarte ereduarekin errotik amaitzea ezinbesteko baldintza" delako ongizate unibertsala lortzera bidean.