Oraindik zabalik da alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 5a, 10:50

Telematikoki nahiz udaletxean bertan egin daiteke eskaera eta irailaren 22a izango da horretarako azken eguna.

Herritarrei alokairuan bizitzea errazteko udal dirulaguntzak eskatzeko epeak zabalik jarraitzen du oraindik. Laguntza jaso nahi dutenek, udaletxean bertan edo telematikoki egin dezakete eskaera eta irailaren 22ra arteko epea izango dute horretarako.

Laguntza jaso ahal izateko ezinbestekoa izango da alokairu kontratua izatea eta ordainketak banku transferentzia bidez egitea. Oinarri berriekin, dirulaguntza indibiduala izango da, eta norbere diru-sarrerak soilik hartuko dira kontutan –ez bizikidetza unitatearenak–, oinarrietan jasotakoaren arabera. 

18 eta 35 urte bitarteko eskatzaileen kasuan, 25.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenek jaso ahal izango dituzte laguntzak; 36 urtetik gorakoei dagokionez, muga 25.000 eurokoa izango da kasu honetan ere, baina alokairura bideratzen duten kopurua diru-sarreren %30a baino altuagoa izan beharko da laguntza jasotzeko. 

Udalak gogorarazi du iaztik Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programan izena ematea beharrezkoa dela laguntza jaso ahal izateko, eta beraz, eskaera hori gauzatu izanaren dokumentua ere eskatuko dietela laguntza jaso nahi dutenei. 

Oinarrien inguruko informazioa nahiz eskabide orriak Zumaiako Udalaren webgunean aurki daitezke.