Ainhoa Segurola: "Gaurko estropadak indarra ematen digu play-offari begira"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 3a, 18:00

Ainhoa Segurola Telmo Deuneko arraunlaria Kontxako Banderako lehenengo estropadaren ondoren. (Jabi Gonzalez Toston)

Telmo Deuneko arraunlaria pozik dago taldeak egin duen lanarekin eta uste du aurretik sailkatu diren Euskotren ligako traineruek atera dieten aldea ez dela hainbestekoa izan.

Telmo Deunen traineruan Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia lehiatu duen Ainhoa Segurola arraunlari azpeitiarrak lehen aldiz hartu du parte estropada entzutetsuan eta "gustura" agertu da taldeak egin duen lanarekin. Segurolaren hitzetan, "ahalik eta lan txukunena" egitera atera dira, eta ez zaio iruditu aurretik sailkatu diren traineruek "alde handiegirik" atera dietenik.

Nolanahi ere, Eusko tren ligara igotzeko irailaren 16an eta 17an jokatuko duten play-offean aurkari izango duten Hibaikak denbora hobea egin du gaurkoan. Horren aurrean, datorren astean errenteriakoak atzean uzten ahaleginduko direla esan du arraunlari azpeitiarrak: "Azkenean, zazpi segundo atera dizkigu Euskotren ligatik datorren Hibaikak eta guk hamar Kaikuri. Denboraldi osoan aritu gara Kaikurekin lehian ETE ligan eta gure aurretik amaitu dute, baina gaurkoak indarra ematen digu play-offari begira".

Bigarren asteburuari begira, bestalde, "berriro ere ahal den lehiakorrenak eta gozatzera" aterako direla azpimarratu du Telmo Deuneko kideak.