Lan txukuna egin du Zumaiak Kontxako sailkatze proban

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 31a, 19:30

Telmo Deuneko arraunlariak gaurko Kontxako sailkatze estropadan. (ETB)

Hemezortzigarren postuan amaitu dute Telmo Deuneko gizonek atzetik sei traineru utzita. Hori bai, urrun izan dituzte bandera lehiatu ahal izateko txartelak. Zazpigarren postutik 40 segundora geratu dira.

Esperotakoa bete da Kontxako bandera lehiatzeko sailkatze proba jokatu duten eskualdeko gizonezkoen traineruen artean eta Oriok eta Getariak lortu dute sailkapena. Hirugarren denbora onena lortu du Oriok eta seigarrena esperantzak.

Estropada jokatu duten KAE1 ligako Zumaiak eta Zarautzen, aldiz, ezin izan dute ezustekoa eman eta azken txartela banatu duen zazpigarren postutik urrun geratu dira: 40 segundora hemezortzigarren postuan Telmo Deun eta 53ra hogeigarren postuan Enbata. Sei eta lau traineru soilik utzi dituzte atzean.

Gaurkoan atzo baino baldintza hobeak izan dituzte traineruek arraunerako, baina azkarrena izan den Zierbenak alde handiak atera dizkie aurkariei, hala eta guztiz ere: Hamabosna segundo bigarren eta hirugarren izan diren Hondarribi eta Oriori eta hogei gaurkoan laugarrena izan den bandera irabazteko faborito nagusiari, Urdaibari –Eusko Label ligako liderra eta Kontxako banderaren azken edizioko garailea–. Bosgarrena Cabo izan da Zierbenarengandik 31 segundora, seigarrena Getaria, esan bezala, 33ra eta Ondarroa izan da ez ustekoa eman eta azken txartela lortu duena 36 segundora. Bi segundo eskas atera dizkio kanpoan geratu den Lekittarrari.

Zumaiak egindako estropadari lotuta, abiatzen bigarrena izan da eta aise hobetu du aurretik abiatu den Zarautzen denbora lehenengo ziabogan. Poparean eutsi egin dio errentari eta 13 segundokoa izan da bien arteko aldea helmugan. Tartean, gainera, San Juan sartzea lortu du Telmo Deunek. KAE1 liga aurretik amaitu duen ontzia, hain zuzen ere.

Estropada amaitu eta minutu gutxira egin dute igandeko lehenengo jardunaldiko txanden zozketa eta sailkapena lortu duten eskualdeko bi ontziak banatuta arituko dira. Orio lehenengo txandan Eusko Label ligako indartsuenetakoak diren Donostiarrarekin, Hondarribiarekin eta Zierbenarekin batera. Getariak, bestalde, Urdaibai, Ondarroa eta Cabo izango ditu aurkari bigarren txandan. Kaleen zozketa igandean bertan egingo dute 09:00etan.