Zumaiak erakustaldia eman eta Kontxako Banderarako sailkatu da

Aritz Mutiozabal 2023ko abu. 30a, 19:10

Telmo Deuneko arraunlariak Donostiako portuko arranplan Kontxako sailkapena ospatzen. (Utzitakoa)

Oriotarrek egin dute erlojupeko probako denborarik onena, eta zumaiarrak laugarren postuan sailkatu dira erakustaldi ederra emanez; igandean lehenengo txanda ariko dira elkarrekin.

Arraun egiteko baldintza gogorrak bezain zailak izan dituzte hemezortzi traineru parte hartzaileek, gaur arratsaldean, Donostiako Estropadetako sailkatze proban. Zazpi txartel zeuden jokoan –zortzigarrena Donostiarrak ziurtatuta du–, eta eskualdeko hiru ordezkarien artean, Oriok eta Zumaiak lortu dute; Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika eta Kaikurekin batera lehiatuko dira hurrengo bi igandeetan.

Itsaso zikina eta haize zakarra izanagatik ere, faboritoek ez dute hutsik egin gaurkoan, batik bat Euskotren Ligako ohorezko txandako hiru ontziak inolako arazorik gabe sailkatu direlako. Oriok egin du erlojupeko denborarik onena (12:23:24), nahiz eta poparean ontziaren norabidea galdu duen.

Ezustekoa Zumaiak eman du, Kontxarako sailkatu baita laugarren tokian helmugaratuta; bi ontzi ere aurreratu ditu estropadan zehar, lehenik Cesantes eta gero Mugardos. Gainera, Euskotren ligako play-off kanporaketa jokatuko duten beste bi ontziek ere lortu dute txartela lortzea: Hibaikak eta Kaikuk. Zazpikoa Hondarribik osatu du.

Zarautzek ere ezustea eman nahi zuen, are gehiago, ligako azken jardunaldietan estropadak irabazi dituela kontuan izanda. Tamalez, ez da horrela izan, baina ez da urruti geratu: hamargarren bukatu du, lan txukuna eginez, Kaiku zazpigarren sailkatuarengandik 26 segundora.

Sailkatze estropada jokatu eta erabaki bezain pronto, lehen igandeko txanden zozketa egin dute Donostiako Udalean. Oriok eta Zumaiak elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak lehen txandan, Kaiku eta Hibaikarekin batera.  Gainerako lau traineruak bigarrenean ariko dira: Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia.