'Troia' antzezlana irailaren 24ra atzeratu dute

Mireia Galarza Bastida 2023ko abu. 31a, 09:00

'Troia' antzezlaneko aktoreak. (Alain Martinez Iribarren)

Eguraldia dela-eta egingo dute Olarro Egunaren biharamunean eta Erika Olaizolak, Amancay Gaztañagak eta Iraia Eliasek hartuko dute parte hiru superheroi gorpuzteko.

Kamikaz kolektiboaren Troia kale antzerkia eskainiko dute irailaren 24an Odieta frontoian. Aste honetan zuten eskaintzeko hasiera batean, baina eguraldi iragarpenak aurreikusten duen arratsalde euritsua dela eta Olarro Egunaren biharamunera atzeratu dute. Gainera, 19:00etan beharrean, 12;00etan egingo dute.

Sinopsian zabaldutako informazioaren arabera, objektu arraro bat azalduko da herrian, eta arriskutsua izan daitekeelakoan, Monika, Pakiles eta Azeri-buztan superheroiek herria salbatzen saiatuko dira. Erika Olaizolak, Amancay Gaztañagak eta Iraia Eliasek gorpuztuko dituzte, hurrenez hurren.

Troia kale antzerkia Zarauzko Kalerki kale antzerki jaialdian estreinatu zuten, uztailaren 7an, hain zuzen ere.