Telmo Deun elkarteko emakumeen taldeak Donostiako Estropadarako sailkatzea izango du gaur helburu

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 30a, 10:57

Telmo Deuneko emakumeen taldeko kideak trainerua eramaten. (Onintza Lete Arrieta)

Donostiako estropadetan lehiatzeko txartelak izango dituzte jokoan arraun taldeek gaur eta bihar. 18:00etan hasiko dira bi egunetan erlojuaren aurkako sailkatze estropadak. 

Ate joka da iraila, eta horrekin batera, traineru denboraldiko arraun hitzordurik garrantzitsuenak: Donostiako estropadak. Ohiturari jarraituz, gaur eta bihar jokatuko dituzte Kontxako Banderako sailkapen estropadak, eta eskualdeko taldeak bertan izango dira. Batzuek arraunaren festaz gozatzea eta denboraldia borobiltzeko ahalik eta lanik txukunena egitea izango dute helburu, eta besteek, berriz, datozen bi igandeetarako txartela lortzea. Dena dela, horretarako egunotan jokatuko diren erlojuaren aurkako probetan zazpi azkarrenen artean sailkatu beharko dute traineruek.
Gaur, 18:00etan ekingo diote emakumezkoen sailkatze estropadari, eta hemezortzi talde aterako dira uretara. Gizonek, berriz, bihar izango dute hitzordua, ordu berean. Hala, txartela lortzen dutenek irailaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte estropadak, igandearekin. Emakumeen lehia 11:00etan hasiko da, eta gizonezkoena 12:00etan.

Zumaiako Telmo Deun "lan ona egiteko asmoz" joango da egunotan Donostiara. Luis Mari Goikoetxea Goiko-ren esanetan, emakumeek izan dezakete sailkatzeko aukera. "Jakin badakigu lehia estua izango dela bertan izateko, baina gauzak ondo ateratzen bazaizkigu, barruan izan gaitezke. Neskak bikain ibili dira udan, eta Euskotren ligako play offa jokatzeko txartela ere lortu dute. Hortxe gabiltza, eta espero dugu zortea izatea".

Gizonen taldearentzat, berriz, "denboraldi bikaina borobiltzeko", Donostian ahal den estropadarik onena egitea izango da helburua. "Nahi dugu arraunlariek gustura bukatzea denboraldia, merezi dute eta. Lan bikaina egin dute".

Oro har, Zumaiako Telmo Deun elkarteko bi taldeek denboraldi "oso ona" egin dutela azpimarratu du Goikok. «Aurreko denboralditik salto handia egin dugu, eta emaitzetan ere ikusi da hori". Hala, zaleak sailkatze estropadetan etxeko traineruak animatzera joatera deitu ditu Telmo Deuneko kideak. "Zaleen berotasuna bultzada garrantzitsua izango da-eta arraunlarientzat".