Sekulako arrakasta izan du Dardara Fest jaialdiak beste behin

Intza Trula 2023ko abu. 20a, 10:56

Amaiako plaza bete zuen atzo Dardara Fest jaialdiak Kuadrilla Egunean. Herritarrak dantzan jarri zituzten arratsalde osoan zehar Ezpalak, Hofe X 4:40, Ginger, Amiltzen eta Bikabi taldeek. 

Beste urte batez, Dardara musika kolektiboak antolatutako jaialdiaz gozatzeko aukera izan zuten atzo, Kuadrilla Egunean. 19:30ean hasi ziren kontzertuak, eta guztira bost talde igo ziren oholtza gainera: Ezpalak, Hofe X 4:40, Ginger, Amiltzen eta Bikabi.

Bikabi laukote zumaiarrak izan zuen jaialdiari hasiera emateko ardura; beraien ondoren eskaini zuten kontzertua, Amiltzen, Ginger eta Ezpalak taldeek. 01:00etan igo zen, azkenik, Hofe X 4:40 taldea eszenatokira, jaialdiari amaiera borobila emanaz. 

Amaiako plaza goraino bete zen lehen kontzertua hasi aurretik, eta gozatu ederra hartu zuten emanaldietara bertaratu ziren guztiek. Giroa lagun izan zuten jaialdiak iraun zuen bitartean eta, abesteko eta dantzarako tarte bikaina izan zuten herritarrek.

Argazkiak: Maria Maya Manterola, Juan Luis Romatet eta Intza Trula.