Herritarrek goiz ezberdina igaro dute Arranplan, urpekaritza bataioetan

Gorka Eizagirre - Intza Trula 2023ko abu. 19a, 13:55

Urtero legez, Kuadrilla Eguneko goizean, Olarru-Sub elkarteak antolatutako urpekaritza bataioak egin dituzte Arranplan. 30 pertsona inguruk parte hartu dute aurtengo egitasmoan, eta herritar mordoa bildu da jarduera kanpotik ikustera ere.

Giro ederrean eta jarduera ezberdin batekin hasi dute Kuadrilla Eguna Zumaian. Urtero legez, Olarru-Sub elkarteak urpekaritza bataioak antolatu ditu herritarrentzat, eta asko izan dira goizean zehar Arranplan ikusmiran aritu direnak, baita parte hartzera animatu direnak ere. Hasiera batean bataiorako izena 26 pertsonak eman bazuten ere, azken orduan jende gehiago animatu da, eta guztira, 30 parte hartzailek burutu dute jarduera.

10:00 aldera sartu dira uretara lehen parte hartzaileak, eta bakoitzak hamabost minutuko urpekaritza saioa egin du irakasle baten laguntzaz. Antolatzaileek azaldu dutenez, jendeak urpekaritzaren mundua ezagutzeko eta probatzeko aukera ematen du bataioak, eta, oro har, probatzen duten herritarrak "oso gustura" aritzen direla adierazi dute.