Bihar zabalduko dute federatu gabeko kirolarientzat Zumaiako triatloiko sprint probarako izen-ematea

Intza Trula 2023ko abu. 16a, 09:27
2022ko Zumaiako Triatloiaren hasiera. (Juan Luis Romatet)

Arazo teknikoak tarteko, gaur beharrean bihar zabalduko dute federatu gabeko kirolarientzat Zumaiako Triatloian sprint distantzian izena emateko epea. Irailaren 16an izango da proba.

Irailaren 16an, larunbatez, egingo dute aurten Zumaiako Triatloia, eta lasterketan izena emateko aukera zabalik egongo da irailaren 11ra arte. Zumaiako Triatloi Taldeak bi lasterketa antolatu ditu urtero legez; alde batetik, X. Zumaiako Triatloi Herrikoia, eta, bestetik, XVI. Zumaiako Sprint Triatloia. Bi lasterketek irteera Gernika pasalekuan izango dute.

Aurtengo edizioan, aurrekoetan ez bezala, federatu gabeko kirolariek sprint distantzian lehiatzeko aukera izango dute, eta hasiera batean izen-ematea gaur zabaldu behar bazuten ere, arazo teknikoak tarteko, atzeratu egin behar izan dute eguna. Hori horrela, bihartik aurrera izango dute federatu gabeko kirolariek sprint distantzian izena emateko beta.

Orain arte, Triatloi Herrikoian 107 kirolarik eman dute izena; sprint distantzian, berriz, 185 lagunek. Hala eta guztiz ere, ez federatuei sprint distantzian apuntatzeko aukera zabaltzean zifrak gora egitea espero dute antolatzaileek.

Horrenbestez, sprint distantzian zein herrikoian izena emateko interesa dutenek, rockthesport.com webgunean egin dezakete, irailaren 11ra bitartean.