KAE1 ligako traineruak estropada izango du gaur arratsaldean, Castron

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 15a, 09:00
Telmo Deuneko KAE1eko trainerua aurtengo estropada bati ekin aurretik (Onintza Lete Arrieta)

Erdiko txandan arituko da Telmo Deun bertako azkarrena izatea izango du helburu. ETE ligako ontzia Donostian arituko da, baina estropada ez da puntuagarria izango.

Zumaiako KAE1 ligako ontziak estropada izango dute gaur arratsaldean. Kantabriako uretan arituko da, Castron, hain zuzen ere, 18:00etatik aurrera erdiko txandan. Hori horrela, aurrez arraun egindako ontziek markatutako denbora hobetzea eta, aldi berean, erdiko txandako azkarrena izatea izango du helburu ahalik eta postu onena lortzeko. Ahal dela ohorezko txandako traineruren bat ere utzi nahiko dute atzean.

Denboraldiko azken txanpan sartuta dago KAE1 liga eta gaurko etsropadaren ondotik asteburuko azken biak baino ez zaizkie geratuko liga amaitzeko. Nolanahi ere, sailkapenean ez da Telmo Deuni eragin diezaiokeen aldaketa handirik espero, izan ere, bosgarren postuan dago kokatuta eta ez dirudi hortik mugituko denik. 23 puntura du laugarrena eta seiko aldea ateratzen dio seigarrenari.

Emakumezkoek ere egingo dute arraun gaur arratsaldean, baina estropada ez da puntuagarria izango ETE ligarako. Donostiako Aste Nagusiko V. Bandera lehiatuko dute Urumea Ibaian 16:00etatik aurrera.