Badator Dardara Fest

Intza Trula 2023ko abu. 15a, 09:07
2019ko Dardara Fest jaialdiko irudia. (Artxibokoa)

Larunbat honetan, Kuadrilla Egunean, Amaiako plazan Dardara Fest musika jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Bost talde igoko dira guztira oholtza gainera; Ezpalak, Hofe X 4:40, Ginger, Amiltzen eta Bikabi. 19:30etik aurrera izango dira kontzertuak.

Beste urte batez, Dardara musika kolektiboak antolatutako jaialdia izango da Kuadrilla Egunean. Larunbat honetan bost taldek eskainiko dute kontzertua Amaiako plazan, 19:30etik aurrera: Ezpalak, Hofe X 4:40, Ginger, Amiltzen eta Bikabi.

Bikabi talde zumaiarra izango da jaialdiari hasiera emateko ardura izango duen taldea. Duela urtebete baino gutxiago eratu zen taldea, eta oraintsu estreinatu duten Besteen Ekaitza diskoarekin aurkeztuko dira lehen aldiz publikoaren aurrean.

Gutxi gora-behera ordubete beranduago, 20:30ean, hartuko du Amiltzen talde zarauztarrak Amaiako plaza. Bi urte lokalean abestiak sortu eta lanean ibili ondoren Aian, Iñurritzan eta Zarautzen eman dituzte azken kontzertuak, eta larunbatean Zumaia jarriko dute dantzan.

Kontzertu honen ondoren, beste talde zarauztar baten txanda izango da; 22:30 aldera Ginger taldeak eskainiko du emanaldia. Paradisuak sutan eta beste hainbat abesti ekarriko dituzte larunbatean jaialdira.

Jarraian, 23:30ean, Ezpalak talde zestoarra igoko da eszenatokira. Hotrtz Aina Hots abesti bilduma da taldearen azken lana, eta pasa den urteko azarotik dabiltza disko berria zuzenean aurkezten. 

Amaitzeko, 01:00 aldera hasiko da jaialdiko azken kontzertua. Hofe X 4:40 izango da jaialdiari amaiera emateaz arduratuko den taldea.  Igotz Mendezek, Xabier Lafuentek eta Marcos Galechek osatutako taldeak elektronika soinuak ditu oinarri, trap, new wave eta synth pop estiloekin batera.