Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du labanarekin beste bat zauritzeagatik Euskal Jai egunean

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 12a, 16:46

Udaltzainek azaldu dutenez, 02:00 aldera taberna batean borrokan hasi ziren hainbat pertsona bart, eta Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen emakume bat labanaz zauritzea leporatuta. Emakumea anbulantzian artatu zuten.

Euskal Jai egunak atxilotu bat utzi du herrian. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, atzo, ostirala, 02:00 aldera herriko taberna batean borrokan hasi ziren hainbat pertsona labanekin eta apurtutako botilekin, eta udaltzainek Ertzaintzari laguntza eskatu behar izan zioten egoera kontrolatu ahal izateko.

Ertzainek korrika ihes egiten saiatu zen gizon bat atxilotu zuten, emakume bat labanarekin zauritzea leporatuta. Emakumea han bertan artatu zuten, anbulantzian.