Abuztuaren 28tik aurrera zabalduko dute kirol ikastaroetan izena emateko aukera

Intza Trula 2023ko abu. 15a, 10:15
Lubaki kiroldegia. (Zumaiako Udala)

Irailaren 25etik aurrera hasiko dira Lubaki kiroldegian lehen hiruhileko kirol ikastaroak, eta haur zein helduen ikastaroetan izena emateko epea zabalduko dute abuztuaren 28an.

Ikasture berriarekin batera hasiko dira lehen hiruhileko kirol ikastaroak Lubaki kiroldegian. Ohikoa den moduan haur zein helduentzako askotariko ikastaroak eskainiko dira urte osoan zehar, eta horietan izena emateko aukera egongo da abuztuaren 28tik aurrera.

Aurtengo ikasturtean pilates, cycling, TRX, GAP edota igeriketa ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, besteak beste. Halaber, eskola kirol egokituan parte hartzeko aukera ere izango da: astean bi egunez 60 minutuko kirol jarduera egiteko aukera izango dute aniztasun funtzionala duten 6 urtetik gorako haur eta gaztetxoek.

Informazio guztia etxeetara bidalitako eskuorrian edo ondorengo loturan dago eskuragarri.