Prest dago eskubaloi kantxa berria

Intza Trula 2023ko abu. 14a, 10:00
Eskubaloi pista berria. (Zumaiako Udala)

Ekainean zehar zoladura zaharra kentzeko eta isolamendu berria jartzeko lanetan jardun zuten, eta, uztailean zehar zoladura berria jarri, ate berriak jarri eta pista margotu dute.

Ekainean eta uztailean egindako lanen ondoren, erabilgarri dago Zumaiako eskubaloi kantxa berria. Ekainean zehar zoladura zaharra kentzen eta isolamendu berria jartzen jardun zuten beharginek, eta, uztailean, berriz, zoladura eta ate berriak jarri dituzte eta pista margotu dute. 

Proiektua gauzatzeko, 185.608 euro inbertitu ditu Zumaiako Udalak, eta kantxa berriak dituen ezaugarriak Pulpo eskubaloi elkarteak eta udalak adostutakoak dira –Munduko Eskubaloi Txapelketan erabilitako pistaren material eta ezaugarri berak ditu–.

Kiroldegiko berrikuntzetan lehenengoa

Eskubaloi kantxa berritzea izan da kiroldegian egin duten lehenengo lana. Horren ondoren etorriko dira bigarren igerilekuaren eraikuntza eta barne antolaketaren eraberritzea, besteak beste. Honako lotura honetan ikus daitezke kiroldegia berritzeko eta bigarren igerilekua eraikitzeko proposamenak.

Hasierako asmoa eskubaloi pista 2022an eraikitzea zen, baina kiroldegian bestelako lanak egitea aurreikusita zegoenez, aurreproiektua osatuta eta definituta egon arte ez dituzte onartu pista eraikitzeko lanak. Behin pista berriaren ezaugarriak onartuta, 2023rako aurrekontuetan txertatu zuen udalak lanak egiteko beharrezkoa zen diru partida, eta, obrak eginda, jada erabiltzeko prest dago kantxa berria.

Eskubaloi kantxa berria. (Zumaiako Udala)