Kike Manterola: "Segundo batzuk irabazi nahi genituzke, baina ez dago erraza"

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 12a, 08:00

Telmo Deuneko arraunlariak elkarri animoak ematen etxeko estropada jokatu aurretik. (Onintza Lete Arrieta)

ETE liga amaitzeko estropada gutxi gelditu arren, uda luzea du oraindik aurretik Telmo Deuneko emakumeen traineruak. Izan ere, Kontxara sailkatzea du buruan taldeak, baita irailean jokatuko diren play-offetan Euskotren ligara igotzeko borrokatzea ere. Hori bai, aurrena, bihar Pasaian (Gipuzkoa) estropada irabazten saiatuko dira.

Denboraldi ederra ari da egiten Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko emakumeen trainerua ETE ligan. Bi bandera eskuratu ditu, eta gainerako ia estropada guztietan bigarren egin du. Kaiku liderra indartsu dago, ordea, eta garaipen gehiago eskuratzea kostatzen ari zaio Zumaiari.

ETE liga amaitzeko estropada gutxi gelditu arren, uda luzea du oraindik aurretik traineruak. Izan ere, Kontxara sailkatzea du buruan taldeak, baita irailean jokatuko diren play-offetan Euskotren ligara igotzeko borrokatzea ere. Hori bai, aurrena, bihar Pasaian (Gipuzkoa) estropada irabazten saiatuko dira –11:30ean egingo dute arraun–. Hala azaldu du Kike Manterola emakumeen traineruaren entrenatzaileak. Ez da erraza, ordea: "Segundo batzuk irabazi nahi genituzke, baina ez dago erraza. Kaiku oso indartsu dago, eta baita Zarautz ere".

Helburuak argi

Dena nahi dute zumaiarrek: liga irabazi, Kontxarako sailkatu, eta play-offetan Euskotren ligara igotzeko borrokatu Kaikurekin eta Hibaikarekin –azken hori seigarren da Euskotren ligan, baina berak jokatu beharko du play-offa, azken postuetan diren bi ontzi galiziarrek tokia gordeta baitute Euskotrenen jarraitzeko–. Zumaiak jada eskuratu du txartela play-offetan aritzeko, ligako sailkapen nagusian puntu alde handia lortua duelako hirugarrena den Zarautzekin.

Gora igotzea beste kontu bat izango da, baina: "Hiru talde lehiatuko gara txartel bakarra lortzeko", azaldu du Manterolak. Erlojuaren aurka, bi estropada jokatuko dituzte hiru ontziek. Irabazten duenak hiru puntu eskuratuko ditu; bigarrenak bi puntu, eta azkenak, puntu bakarra. Bi egunetan egindakoarekin erabakiko dute zer talde ariko den hurrengo denboraldian liga nagusian.

Kontxara sailkatzea posible ikusten dute. "Kaiku sartuta ere, zortzi talde lehiatuko dira Kontxan, eta galiziarrak egon arren eta Zarautz egon arren, uste dugu aukera handiak ditugula sailkatzeko".

Aurreneko helburua, hala ere, "asteburu honetan irabaztea" dela argi du entrenatzaileak. "Hor gaude, gertu gabiltza, erakutsi dugu irabazteko gai garela, eta estropada guztietan saiatuko gara bandera etxeratzen", azpimarratu du.