Zumaiak gertutik jarraitu dio Kaiku liderrari Ondarroako estropadan

Maria Maya Manterola 2023ko abu. 5a, 13:40
ETE ligako Telmo Deuneko trainerua. (Utzitakoa)

Bigarren txandan aritu dira Zumaia eta Zarautz, Kaikurekin eta Deustorekin batera. Liderra baino zortzi segundo beranduago helmugaratu da Zumaia, bigarren; bosgarren egin du Zarautzek.

ETE ligako estropada izan dute gaur eskualdeko traineruek Ondarroako uretan. XXXIX. Ondarroako Bandera izan da jokoan, hain zuzen ere, eta bigarren txandan aritu dira Zumaia eta Zarautz. 

Ez da sorpresarik izan: liderra den Kaikuk eskuratu du garaipena gaurkoan ere lanak 11 minutu eta 4 segundoan amaituta. Dena den, nabarmentzekoa da zumaiarren lana. Gertutik jarraitu dio Kaikuri Zumaiako ontziak, eta bigarren sailkatu da, zortzi segundo beranduago helmugaratuta. 

Sailkapen orokorrean ere Kaikuren atzetik da Zumaia. Liderrak 67 puntu ditu, eta hiru gutxiagorekin da Zumaiako trainerua. 

Zarautzek, berriz, ez du egunik onena izan. Joan den astean Astilleron eskuratutako garaipenaren ondotik, bosgarren egin dute Ondarroan. Bosgarren egin dute, baina aipatzekoa da bost segundoko tartean helmugaratu direla hirugarren, laugarren eta bosgarren egin duten ontziak, Astillero, Deusto eta Zarautz, alegia. Hirugarren jarraitzen du sailkapen nagusian, baina laugarren dagoen Deustorekiko tartea gutxitu du gaurko emaitzak. Puntu bakar batera jarraitzen diote bilbotarrek.