"Poza da guretzat horrelako zerbitzua ematea"

Intza Trula 2023ko abu. 5a, 10:30

Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Jessica Gonzalez Da Silvak (Zumaia, 1996) eta Alex Urangak (Zumaia, 1989) beste urtebetez hartuko dute Santiagoko hondartzako kantinaren ardura. Ez da gauza berria; izan ere, hirugarren urtea dute Portutxiki kantinan. Uztaileko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Aurreneko urtean pandemiak eragindako murrizketekin egin zuten lan, horrek guztiak zekarrenarekin, baina aurtengo denboraldirako kontzertu, azoka eta emanaldi mordoa prestatu dituzte herritarrentzat.

Ez duzue aurreneko urtea Portutxiki kantinan.

Jessica Gonzalez Da Silva: Hirugarren denboraldia dugu. Asko murgildu gara proiektuan, benetan uste dugulako zerbait polita atera daitekeela gauzak ondo eginez gero. Zumaiako herritarrei eta kanpotik datozenei zerbitzu ona ematea da gure nahia, eta iruditzen zaigu kantina hau bide onetik eramanda, hondartzak bizitasun asko irabazten duela. Hori da lortu nahi duguna: zumaiarrentzat eta kanpotik datozenentzat txoko eroso bat sortu, lasaitasuna eskaini, eta antolatzen ditugun kontzertu eta bestelako egitasmoekin tarte polit bat pasatzeko aukera eman. 

Aurreneko urtean COVID-19ak eragindako murrizketekin egin behar izan zenuten lan.

Alex Uranga: Egia esan behar badizut, lehenengo aldi hartan beldur pixka bat izan genuen. Pandemia zela eta ez genekien oso ondo zer gertatuko zen, egun batetik bestera itxi beharko genuen ala ez, eta abar. Hala ere, alde onak eta txarrak izan zituen urte hark: alde batetik, hondartza honen edukiera oso handia denez, inoiz ez zen edukiera mugara iristen. Azkenean, arrazoi hori tarteko, jende gehiagok hartu zuen Santiagoko hondartzara etortzeko ohitura, eta ordutik, askok errepikatzen jarraitzen dute. Bestetik, uda gogorra izan zela gogoratzen dut. Jendeak ezin zuen zutik kontsumitu, dena eserita izan behar zen, eta guk 11 mahai bakarrik edukitzeko baimena geneukan. Oso txikia gelditzen zitzaigun kopuru hori, eta amorru handia ematen zuen ikusteak zenbat jende gelditzen zen kontsumitu gabe. Horrez gain, kontzertuak egiteko aukera gutxi izan genuen. Hala ere, ikasteko oso urte ona izan zen, eta ordutik asko hobetu dugula esango nuke.

Hondartzan familiartean eguna pasatu eta zerbait jateko eta edateko lekua edukitzeaz gain, kontzertu, azoka eta hainbat emanaldi eskaintzen dituzue. Gazteak erakartzeko estrategia al da?

J.G.: Egia da geroz eta jende gehiago hurbiltzen dela hondartza honetara, baina bai, gure helburuetako bat gazte jendea erakartzea da. Kantina honek asko janzten du hondartza, lehen ez zegoen zerbitzu bat da azken finean, eta horrek ere jendea animatzen du. Hala ere, gu denetarik eskaintzen saiatzen gara ongietorriak senti daitezen bai helduak, bai gazteak, bai haurrak. Ondo pasatzeko eta deskonektatzeko txokoa izatea nahi dugu.

Nolakoa aurreikusten duzue uda?

A.U.: Ez dago inoiz jakiterik. Aurreko urtean sekulako uda izan genuen, eguraldiak asko lagundu zigun eta ia denboraldiko egun guztietan eduki genuen kantina irekita. Esan bezala, gero eta zumaiar gehiago hurbiltzen da hona, eta aurtengoan ere gorakada hori nabaritzea espero dugu. Aurreko urteetako jendea ikusi nahi dugu, eta baita jende berria hartu ere. 

Kantina ez da oso handia. Nola moldatzen zarete ematen duzuen zerbitzua emateko?

J.G.: Hasi eta segituan konturatu ginen kantina honetan lana egiteak dituen zailtasunez. Oso txikia da, kamara oso gutxi ditu, eta beraz, hotza daukaguna segituan gastatzen zaigu. Motxean esanda, askotan ezin diogu hondartzak duen eskariari aurre egin, baina etorkizunera begira hori aldatzeko asmoa daukagu. Hala ere, alde onei gehiago begiratzen diegu; oso txoko polita dela uste dugu, etortzen den jendeak errepikatu egiten du, eta horrek asko pozten gaitu. Guk oso gustura egiten dugu bertan lan, kariño handia hartu diogu, eta poza da guretzat zerbitzu hau emateko aukera izatea.